Europar Batasuna herritarren beldur
Europar Batasunak atzo Estrasburgon aldarrikatu zuen Eskubideen Gutuna ukaezinezko aurrerapausoa da Europar Batasuneko herritarren eskubideen defentsan. Lisboako Itunak izaera juridiko loteslea eman dio eskubide zibil, politiko, ekonomiko eta sozialak biltzen dituen Gutun horri. Hala ere, gaur sinatuko duten Itun berriak lausotuta ageri da aurrerapauso hori. Hala ulertzen dute zenbait eurodiputatuk, atzo Itunaren gaineko erreferenduma eskatzeko protesta egin baitzuten Estrasburgoko Parlamentuan. Badirudi, nonbait, Irlanda baino ez dagoela herritarrei galdetzeko prest.
Antza denez, Europar Batasuneko estatuetako agintariei Europako Itun Konstituzionalaren esperientzia garratzak ez zien askorik ikasteko balio izan; aitzitik, konstituzio bat aurrera eramateko gaitasun eza erakutsita eta herritarren borondatea eta eurena bat ez datozela ikusita, herritarrak ahotsik gabe utzi eta hala adostu dute Lisboako Ituna. Hartara, Europar Batasunaren ahulezia agerian da eta halako itun batek izan ditzakeen alde onak gabezia demokratiko nabarmen horrekin estali egin dituzte. Europar Batasunaren esparruan egin diren itun guztiak -zer esanik ez guztien bilduma den azken hau- modu arranditsuan aurkeztu izan dira, Europaren benetako batasuna omen den helburua bideratzeko aurrerapauso garrantzitsutzat, alegia. Baina egindako bideak erakusten duenez, oso urrun dago helburu horretatik, baita horren norabidetik ere. Itun hori ez da interes kidekoak dituzten hainbat komunitateren garapen politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalerako tresna, estatuen interesen araberako hitzarmena baizik. Britainia Handiak eta Poloniak Itun berriaren zenbait klausula bete behar ez izatea horren adibide argia da.
Europar Batasuneko buruzagitzan demokrazia, hitzarmen hori onartzeko prozeduratik hasita, ez da egitura burokratiko hutsetik haragokoa. Horregatik ez da harritzekoa herritarrek Europar Batasuna eta haren garapen prozesua oso urrun sumatzea, haien parte hartzea bultzatu beharrean, galarazi egiten baitu. Hitz gogorrik gabe esateko, bitxia gertatzen da herritarren erabakiaren beldur den egitura demokratikoa.