GARA > Idatzia > Kirolak

Surfa Aritz Aranbururi omenaldia

Ongietorria Aranburu txapeldunari

Surflariak aitortu zuen lortutako balentria «sinesten hasia» dela eta bere buruarengan izandako «kofiantza» izan zela gakoa.

p044_01_139x104.jpg

GARA | ZARAUTZ

Aritz Aranburu surflari zarauztarrak Europako txapelketa eta Asp World Tour 2008rako munduko 44 surflari hoberenekin lehiatzeko sailkapena lortu du. Bart iritsi zen Hawaitik, eta lagunek ongietorri beroa egin zioten herriko txapeldunari.

Atzo eguerdian Argiñano jatetxean prentsaurrekoa egin zuen Aranburuk. Europako txapeldunaz gain, Quiksilver Europako presidente Pierre Agnes, Adur Letamendia eta Imanol Lasa zinegotzia izan ziren han.

Aranburu egindako balentriaz oraintxe ari da jabetzen. «Ezin nuen sinetsi, baina etxean ongietorri polita izan dut. Hargatik, egin dudana handia dela sinesten hasia naiz».

Gako nagusia bere buruarengan izandako «konfiantza» izan zela aitortu zuen. «Neure buruarengan konfiantza handia izan dut beti. Lan handia egin dugu, baina zeure buruarengan sinetsi ezean, ezinezkoa da xedeak lortzea. Lanak ordaina izan du», esan zuen.

Ekitaldi gehiago

Aranbururi eskainitako ekitaldiek arratsaldean ere izan zuten jarraipena. Horiez gain, larunbaterako ere aurreikusi dituzte ekitaldi gehiago.

Hala, iluntzeko 20.00etan, surflari zarauztarrak herritarren eta Zarauzko Surf Elkartearen omenaldia jaso zuen Musika Plazan. Aranburu bera, eta Surf Elkarteko lehendakari Mikel Landa, Surf Elkarteko kudeatzaile eta zinegotzi Ivan San Martin eta Gipuzkoako Surf Federazioko idazkari Julen Elkoro izan ziren, baita hainbat surflari, zale eta zarauztar ere.

Larunbata ere ekitaldiz beteriko eguna izango da Aranbururentzat. Hasteko, Aritz eguerdiko 12.00etan hasita, Pukas Dendan izango da posterrak sinatzen. Bazkaltzeko etena eginda, 16.00etan, Zarauzko Surf Elkartean izango da gerturatzen diren zaleei posterrak sinatzeko.

Bukatzeko, larunbatean iluntzeko 20.00etan Munoa plazan ongietorria egingo diote kontzertu eta guzti. Azken honekin emango dira bukatutzat Aritz Aranbururi eskainitako omenaldi ekitaldiak.

HORMADIK BERE PROIEKTUA AURKEZTU DU. Hormadi Angeluarrak bere proiektu berria aurkeztu zuen babesleen aurrean. Aurten lehenengoz arituko dira Espainiako Ligan, eta Liga irabazteko helburua dutela, eta maila eskuratu izanak euskal hockeyari ekarriko dizkion onurei buruz hitz egin zuten, aurten, lehenengoz, hiru euskal taldeak liga berean arituko baitira. Bigarren taldea Frantziako Ligan ari da, eta mailaz igotzea da beren helburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo