Boloniaren kontrako aldarriak bozen osteko lehen Klaustroa eten du UPV-EHUn
«Bolonia prozesua eta ikasleak isilarazteko saialdiak» salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Leioako campusean. Unibertsitateko arduradunak ikasleek hitza har ez dezaten ahalegintzen direla kritikatu zuten.
GARA |
Berrehundik gora ikaslek eraman zuen atzo goizean Bolonia prozesuaren aurkako protesta EHU-UPVko Leioako campuseko Aula Magnara. Bertan, hauteskunde osteko lehen Klaustroa ari ziren egiten eta ikas- leen ordezkariak izendatzeaz gain, ekitaldian «diziplinako arau hausteen eta zigorren zerrenda proposamena» onartzeko asmoa zuten.
Zerrendak «Bolonia prozesuaren aurkako borroka, eta ikasleak hitzaz jabetzea eragotzi nahi» dituela, besteren artean, uste dutelako, Aula Magnaren atarian elkarretaratzeko deia egin zuten Ikasle Abertzaleek. Berrehundik gora ikasle batu ziren protesta ekitaldian.
Barruan ikasleen ordezkariak aukeratzeko bozketa egin zen. Izendatu berriak saiatu ziren aretoan bertan hitza hartzen, baina ez zieten horretarako aukerarik eman.
Kanpoan protesta egin ostean, elkarretaratutako lagunek aretora sartzea erabaki zuten beren aldarrikapenak entzun zitezen. Atean zeuden zinpeko zaindariak oldartu zitzaizkien eta bultzaka aritu ostean, barrura sartzea lortu zuten.
Aretoko agertokira igo, eta beste behin ikasleen hitza errespetatzeko eskatu eta Bolonia prozesuaren «izaera inposatzailea» salatu zuten, une horretan hitz egiten ari zen Uni- bertsitateko errektore Juan Ignazio Perezi hitzaldia etenda.
Ikasleen iritziz, onartu asmo duten zerrenda horrek ikasleei soilik eragiten die, «ez du Unibertsitateko gainerako lagunen gaineko aipamenik egiten» eta «haren helburua ikasleak isilaraztea baizik ez da eta, hala, Boloniaren inposaketa gauzatzea». «Ikasleok sumiso eta akritiko nahi gaituzten honetan, ez dugu onartuko gure aurkako eraso gehiago», ohartarazi zuten.
Otsaila arte atzeratuta
Azkenean Klaustroa bertan behera geratu zen eta «diziplinako arau hausteen eta zigorren zerrenda proposamena» onartzeko bilera otsailera arte atzeratzea erabaki zuten.
Protestan parte hartu zuten ikasleak, gero, Aula Magnatik Errektoretzara joan ziren, beren aldarrikapenak han ere entun zitzaten.
Aipatutakoa ez zen atzoko Boloniaren aurkako protesta bakarra izan; hain zuzen ere, datorren astean Leioako campusean egingo den manifestazio nazionalari lotuta, kartelak jarri zituzten campus guztian.
Klaustroan «diziplinako arau hausteen eta zigorren zerrenda proposamena» onartu nahi zuten. Ikasleen iritziz, eurak «isilarazteko neurri zerrenda baino ez da».
Datorren astean, hilaren 20an, Leioan egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin zuten beste behin ere.