Gogor salatu dute hilaren 19an eta 20an hamabi euskaltzaleren aurka egingo duten epaiketa
GARA |
Datorren abenduaren 19an eta 20an hamabi euskaltzale epaituko dituzte Bilboko Auzitegian, 2005eko otsailean hizkuntza eskubideen aldeko ekimen batean parte hartzeagatik. Bost hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak bakoitzarentzat.
Epaituak izango diren pertsonetako batzuk EHEko eta Behatokiko ordezkariekin batera agertu ziren prentsaren aurrean. Baina bi eragile horiez gain atxikimendua agertu diete, halaber, Justizian Euskaraz-ek, Kontseiluak, AEK-k eta IKAk, eta datozen egunetan babes gehiago batzen saituko dira.
Kaltetuen ordezkari Arantxa Atxurrak adierazi zuenez, epaiketa hau ez da «hamabi euskaldunoi egiten zaigun epaiketa soilik, epaiketa hau euskal herritar orori egiten zaion epaiketa da, guztion hizkuntza eskubideak jarri baitira zalantzan».
EHEko ordezkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak nabarmendu nahi izan zuen Justizia Administrazioarena «be- reziki gogortzen» ari den eremua dela. «Hizkuntza arrotzetan aritzea behartu nahi gaituzte, gure buruak gure hizkuntza propioan defendatzeko aukera zokoratzen dute», salatu zuen, eta alde horretatik babes judizial eraginkorra edota defentsa eskubidea bera urratzen direla kritikatu zuen. Kasu honetan, ordea, haratago doa auzia, EHEn iritziz, «norberaren hizkuntza eskubideen alde egiteak ere, zigor penalak ekar litzake-eta».
Eskaerak epaitegiari
Behatokiko Paul Bilbaok, bestalde, egin asmo den epaiketan bidegabekeriarik gerta ez dadin Zigor Epaitegiko epaileari eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteari neurriak hartzeko eskatu dietela azaldu zuen, besteren artean, guztiek berezko hikuntzan eta zuzenean, inolako interpreterik gabe, aritu ahal izateko bidea jar dezatela. «Hizkuntza eskubideak ez ezik defentsa eskubidea eta babes eraginkorrerako eskubidea ere urra litezke» gainerakoan.
Epaiketa bera eta euskaldunen aurka Justizia Administrazioak duen jarrera salatzearren, mobilizazioetarako deia egin zuten. Larunbatean, Gernikan, Bermeon eta Ibarrangelun 12.30ean bilduko dira, eta 13.00etan Lea-Artibain. Epaiketa hasten den egunerako, bestetik, elkarretaratzea antolatu dute Bilboko epaitegiaren atarian.