GARA > Idatzia > Kirolak

ERRUGBIA UCI

Avironek ahalik eta itxurarik onena eman nahi du Saleren zelaian

J.L. | DONOSTIA

European Challengen Avironek laugarren jardunaldiko neurketa izango du Ingalaterran, Saleren zelaian, 20.30etik aitzinera.

Pasa den ostiralean etxean hartutako astinduaren ostean, zuri-urdinek badakite lehiaketa honetan egiteko gutxi dutela, eta gaur ahalik eta itxurarik onena ematen saiatuko dira.

Avironek datorren asteburuan Perpinyaren aurka jokatuko duen partidan dute burua, eta gaur iluntzean ohikoak ez diren jokalarientzat aukera izango da. Lapurtarrek Ligako azkeneko bi partidak galdu egin dituzte, eta kataluniarren aurkakoa ere ez da samurra. Beraz, ez dute ezusterik nahi, eta gaur minduta inor ateratzea oso kaltegarria litzateke euskaldunentzat.

Salek, aldiz, final-laurdenetarako sailkapena segurtatuta dauka. Orain arteko hiru partidak irabazi egin ditu, eta denetan puntu gehigarria ere lortu du, beti lau entsegu baino gehiago egin baititu. Beraz, beraiek ere gaurkoan ez dute talderik onena zelairatuko eta jokalari batek baino gehiagok atsedena izango dute. Partida ikusi nahi duenak, France 4 telebista katetik jarraitu ahal izango du, zuzen-zuzenean eskainiko baitute.

Dupuyk min hartu du

Behin okertzen hasita, badirudi zeharo okertu behar zaizkiola gauzak Birritzi. Zuri-gorriek baja garrantzitsu asko dituzte jadanik, eta orain Dupuyrena gehitu behar zaio. Bera ari zen Yachviliren lekua betetzen, eta ongi gainera. Yacvhvilik Liga hasiera bikaina izan zuen, bera zen Birritzeko onena, baina min hartu zuen, eta bi hilabete beharko ditu itzultzeko. Dupuy ari zen bere lekua betetzen, eta zuri-gorrien jaurtitzailea ongi ari zen bere lana betetzen, baina honek ere min hartu du, eta gutxienez, datozen bi partidetan ez da arituko. Gainera, Imanol Harinordoki zalantza izango da bihar Glasgwren aurkako partidarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo