GARA > Idatzia > Kultura

Munduko 361 aditu, «Praileaitz eta bere mendi-hegalaren alde»

Guztira, 361 dira «Praileaitz eta bere mendi-hegalaren alde» izenburuko manifestua izenpetu duten adituak. Ekimenaren sustatzaileen iritziz, atxikimendu horrek guztiak agerian jarri du Praileaitz I aztarnategiaren ingurua babestea ez dela «zenbait iluminaturen kapritxoa». Gai horri buruz eztabaidatuko dute bihar Gasteizko Legebiltzarrean.

Martin ANSO | DONOSTIA

361 dira, guztira, «Praileaitz I eta bere mendi-hegalaren alde» izenburuko manifestua izenpetu duten arkeologo eta adituak. Atxikimenduak, Euskal Herritik ez ezik, Estatu espainoletik, Britania Handitik, Estatu frantsesetik, Italiatik, Belgikatik, Portugaldik, Boliviatik, Argentinatik, Estatu Batuetatik eta Australiatik ere iritsi dira.

Manifestuaren sustatzaileak Javier Fernandez Eraso eta Joxean Mujika izan dira, Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun eta irakaslea, hurrenez hurren, biak ala biak Historiaurreko alorrean. Dokumentuaren eta sinatzaile zerrendaren berri eman dute, dagoeneko, Gasteizko Legebiltzarrean, gogoan izan behar baita gai horri buruz eztabaidatuko dutela bihar bertan legebiltzarkideek.

Javier Fernandez Eraso eta Joxean Mujikaren iritziz, bildu dituzten atxikimenduek agerian utzi dute Praileaitzen ingurua «suntsitzeko saioa»k oihartzun «ukaezina» sortu duela Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere. Agerian geratu da, halaber, Paleolito garaiko xamanaren santutegiaren ingurua babestea ez dela «zenbait iluminaturen kapritxoa, aztarnategia behar bezala interpretatzeko ezinbesteko osagaia baizik».

Oso zerrenda luzea

Fernandez Eraso eta Mujika azaroaren 30ean hasi ziren atxikimenduak biltzen. Bost egun geroago, beren ekimenaren lehenengo uztaren berri eman zuten: 200 sinadura inguru. Atxikimendu bilketa astelehenean bukatu zuten, eta uzta osoaren berri eman dute jada: 361 sinadura. Zerrenda osoa gara.net webgunean dago ikusgai. Hona hemen, nazioarte mailako sinatzaile aipagarrienetako zenbait: Jean Clottes eta Robert Bednarik (International Federation of Rock Art Organizations), Francesco d'Errico (CNRS Historiaurreko Institutu frantziarra), Lawrence G. Strauss (New Mexicoko Unibertsitatea), Joao Zilhao (Bristolgo Unibertsitatea) eta Luis Raposo (Portugalgo Arkeologia Nazio Museoa). Estatu espainoleko hainbat unibertsitatetako 32 katedradunek eta 57 irakaslek ere izenpetu dute Praileaitzen aldeko manifestua.

Euskal Herriko adituen izenak ugariak dira zerrendan, jakina: Ignacio Barandiaran, Agustin Azkarate, Andoni Saenz de Buruaga, Lydia Zapata, Alfonso Alday, Ana Cava, Alvaro Arrizabalaga, Juan Antonio Quiros, Fernando Galilea, Armando Llanos, Amelia Baldeon, Francisco Etxeberria, Jesus Altuna, Eliseo Gil, Eloisa Uribarri, Mertxe Urteaga, Michel Duvert, Xabier Peñalver, Sonia San Jose, Mikelo Elorza, Asier Olazabal, Jaione Agirre, Larraitz Arretxea, Jesus Tapia, Arturo Aldekoa, Joseba Rios, Maria Angeles Mezquiriz, Pauline Buthaud, Juan Carlos Lopez, Amagoia Guenaga, Ricardo Gomez, Lourdes Herrasti, Maria Rosario Porres, Pedro Uribarrena, Ana Uriz, Pablo Areso, Rafael Ajangiz, Joseba Lakarra, Joaquin Gorrochategui, Mikel Agirre, David Zapirain eta Jaione Iriondo, beste askoren artean.

«Praileaitz I eta bere mendi-hegalaren alde» manifestuan honakoa irakur daiteke: «Suntsitzea oso erraza da eta gizarte barbaro eta fundamentalistei dagokie. Aldiz, gizarte zibilizatuen eta aurreratuen ezaugarria da geure jatorriak ulertzeko horiek kontserbatzea, iragan hori zaintzea nahitaezkoa baita gizartearen orainaldia ulertzeko eta etorkizunerantz proiektatzeko. Horregatik, uste dugu, guztiz beharrezkoa dela Praileaitz I haitzuloaren eta bera kokatzen den mendi-hegalaren kontserbazioa, Goi Pleistozenoaren amaierako Euskal Historiaurrea ulertu ahal izateko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo