GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroako 2x2 errepideak laborarien lurren %64 erdibitu egingo lituzke

Eneritz ZABALETA |

Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) Nafarroako 2x2 errepideak laborantza munduan izanen lituzkeen ondorioen inguruko txostena egin du. Bertan, autopista proiektuak laborantza lurretan eta lurrak ustiatzen dituzten laborariengan izanen lituzkeen ondorioak ikertu dira. Proiektuaren arabera, bideak 19 eta 34,3 hektarea inguru hartu beharko lituzke. Lur horiek bereganatzeko, 152 laborariri zuzenean erasan beharko lioke. Orotara, bideak iragaten dituen laborarien lurren %64 bitan zatituko lituzke.

EHLGk, laborariei bidalitako galdetegiei eta txosten teknikoen gaineko ikerketari esker lortu ditu azaldutako datu horiek.

Laborantza Ganberako Peio Berhokoirigoinek bereziki dei-toratu zuen, bidearen bultzatzaileek (Kontseilu Orokorrak eta Nafarroako Gobernuak), laborantza munduan bideak nola eragingo duen argitzeko ikerketarik egin ez izana.

Bide sarea berritzearen alde

Datuak ikusita, EHLGk bidea-ren inpaktoa «oso kezkagarritzat» jo du. Horregatik, 2x2 bidea bertan behera gelditzea begi onez ikusten du EHLGk. Nafarroako garapenari begira, mugaz zatitutako bi herrialdeen arteko bide sarea hobetzeko eskatu du Euskal Herriko Laborantza Ganberak; adibidez, Izpegiko RD 949 edo Urkiagako lepoko RD 58. Kostaldeko eta barnealdeko bide sarea hobetzea ere proposatu du EHLGk.

Hala, Senpere, Kanbo, Donapaleu eta Maule lotzen dituen bidea hobetzeko eskaera egin zuten asteartean izandako agerraldian. Donibane Garaziko kanpo bidea behar-beharrezkotzat du, halaber. Behar horiei erantzuteko deitu zituzten Laborantza Ganberak, eta lurraldearen garapena bultzatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo