BIGARREN MAILA
Taldea ligako onenen artera helduko dela-eta «itxaropentsu» agertu da Gari Uranga
GARA | DONOSTIA
Aspaldion partidarik ez du galdu Realak, baina oraindik bost puntura dauzka igoerako postuak. Hala ere, Gari Urangaren aburuz, bederen, goiko taldeen artean murgiltzeko «itxaropentsu» egotea badago.
«Gure helburua hor goian egotea da, baina nik itxaropen hori daukat oraindik hurbil gaudelako goiko taldeetatik. Denboraldi hasieran harrapatu genuen bolada on hori errepikatuta, goian behin betirako sartuko ginatekeela uste dut», ziurtatu zuen Gari Urangak atzoko entrenamenduaren ostean eskaini prentsaurrekoan.
Numantzia eta Malaga urruntzen ari zaizkie, eta horiek harrapatzeko aukerarik ote duten galdetzerakoan, baiezkoa izan zen donostiarraren erantzuna.
«Norbaitek beherantz egingo du, iaz izan ezik, beti horrela gertatu baita. Bukaeran gauzak orekatu egin ohi dira, eta izango ditugu guk ere gure aukerak».
Bestetik, urtarrilaren hiruko hauteskundeen hotsek Realaren eguneroko lana oztopatzen ote duten galdetu, eta ezezkoa erantzun zuen aurrelari gipuzkoarrak. «Gai hori gure arazoa ere bada, noski, baina ikasi egin behar dugu halako gaiak apur bat bazterrean uzten».
Gol gehiago sartu nahian
Delibasic ere mintzatu zen prentsaurrekoan. Aurrelariaren hitzetan, «gol gehiago sartuko» zuela uste zuen, baina ez du horren esperantzarik galdu.
«Birritan bota dut baloia zutoinera. Galdutako aukerei buruz gogoeta egin ohi dut, baina lanean jarraitu behar-eta, tira, agian hurrengoan sartuko dut».