GARA > Idatzia > Kultura

Aukeran dantza taldeak «Bideak» ikuskizuna eskainiko du gaur Arriaga Antzokian

Donostiako Aukeran taldearen «Bideak» izeneko ikuskizunak, bideen eta bidegurutzeen inguruko hausnarketa egiten du. Horretarako Europa iparraldeko zein hegoaldeko instrumentuak erabiltzen dituzte.

GARA | BILBO

Aukeran dantza taldeak «Bideak» izeneko bere azken lana aurkeztuko du gaur Bilboko Arriaga antzokian. Erritmo eta folklore tradizionalaren melodiak dantza garaikidearekin eta urrutiko musikekin uztartzen dituen ikuskizuna da «Bideak».

Aukeran taldeko 10 dantzarik kultura, musika eta koreografiazko mestizaje-mundu bat sortuko dute oholtza gainean, eta horretaz gozatzeko aukera izango du Bilboko publikoak 20.00etatik aurrera.

Ikuskizuna

«Bideak» ikuskizunak bideen eta bidegurutzeen inguruko hausnarketa egiten du, bai eta belaunaldiz belaunaldi egindako ibilbidean gertatutako trukeaz ere. Iparra, hegoa, ekialdea, mendebaldea: bizitza eta heriotza, sorrera eta suntsipena, amodioa eta guda bidegurutze batean.

«Bidean aurkitu egiten duzu eta aurkitu egiten zaituzte. Ikasi egiten duzu eta zugandik ikasten dute. Gure herria zeharkatzen duten bideek, Santiagoko bideak bereziki, bestelako kulturekin eta joerekin harremanetan jarri gintuzten, eta Europa osoko musikek eta dantzek bat egiteko aukera izan zuten. Horregatik, «Bideak»en beste dantza eta musika tresna batzuk sartu nahi izan ditugu», azaldu dute konpainiakoek. Iparraldetik, Eskandinaviako erritmo bitarrak, Eskoziako eta Irlandako erritmo hirutarrak eta Bretainiako fraseatuak eta armoniak, uillean pipes (gaita irlandarra), whistles, Bretainiako bonbardak, Eskoziako danborrak, hurdy-gurdy (zanfoña) gisako musika tresnak hartu dituzte. Hegoaldetik aldiz, erritmo hirutar arabiarrak, darbukak, tar-ak, kriskitinak eta nay musika tresnak erabiltzen dituzte.

«Hori guztia gure tradizioarekin, gure oinarriarekin nahastuko dugu: erritmo bitarrak eta hirutarrak, euskal amalgamako erritmoak -Binangoa, Launangoa...- eta zortzikoa; alboka, txistua, xirula, ttun-ttuna», adierazi dute.

Ideia horiek irudikatu ahal izateko, koreografiaren sorreran eta eszenaratzean bi oinarrizko elementu sartu dituzte, sokak eta zintak, eta horiek izango dira ikuskizunari lotura emango diotenak. Zintak aspalditik euskal dantza tradizionalei lotutako elementuak dira, eta soka-dantzak ere oso ugariak dira euskal folklorean.

Donostiako konpainia

Aukeran Donostiako konpainiak 1997. urtetik hona jatorri tradizionala duten dantza ikuskizunak egin ditu. Lehen zituzten arau asko alde batera utzi eta koreografiei dantza garaikide kutsua ematen diete, euskal dantza tradizionalaren aberastasuna ahal bezainbeste erakutsiz eta hizkuntza freskoagoa eta egungoa lortzeko asmoz.

Horretarako, eta egin nahi duten edozein dantzatarako -dantza tradizionala barne- prestakuntza ezinbestekoa dela badakitenez, hasieratik balet klasikoa eta dantza garaikidea lantzen dituzte, lehena Menchu Medelen eskutik eta bigarrena Katixa Perearekin.

Bestalde, gogoratu beharra dago 2001. urtean «Sutargi» ikuskizuna aurkeztu zutela. Ikuskizuna euskal tradizioan sustraitua zegoen, eta lengoaia eszeniko garaikidea zuen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bai eta Gaztela-Mantxan, Katalunian, Murtzian eta Estatu frantsesean egin zuten, eta publikoak eta kritikak oso harrera ona egin zioten.

Fitxa

Konpainia: Aukeran dantza taldea.

Ikuskizuna: «Bideak».

Zuzendaritza eta koreografia: Edu Muruamendiaraz.

Eguna, lekua, ordua: Gaur Bilboko Arriaga Antzokian 20.00etan.

Sarreraren salneurria: 4,80 euro eta 18 euro bitarteko sarrerak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo