Bea Martxueta LABeko Politika Sozialeko idazkaria
Euskal langileak direlako
Hiritartasuna eta nazionalitate gaiei heltzeko tresnarik ez dugunez, Euskal Herrian bizi diren migranteei Estatu frantsesaren eta Estatu espainolaren legedi krudelak aplikatzen zaizkie
Migranteen Eguna deritzon egunean -2000. urtean Nazio Batuek izendatua-, LAB sindikatutik kolektibo honek pairatzen duen diskriminazio egoerari buruz hausnarketa egitera gonbidatzen dugu euskal jendartea.
Jada, migranteek badute beren eguna, eta egun honi, beste egun batzuk gehi diezazkiokegu, hala nola, Esklabutzaren kontrako Eguna, Arrazismoaren eta Xenofobiaren kontrako Eguna... Tamalez, egun gizartean gertatzen diren arrazismo, diskriminazio eta esklabutza egoerak gero eta ugariagoak dira.
Jakin badakigu migrazioa historian beti gertatu den fenomenoa dela. Tamalez, egun, iparraldeko eta hegoaldeko herrien artean dagoen aldea hain da handia -egungo herri aberatsek herri pobreak ustiatzearen ondorioz, ezin ahaztu-, fenomeno hau mundu mailako arazo bihurtu dela.
Arrazoi politiko eta ekonomikoak direla-eta, milaka etorkin heltzen dira geure herrietara, beren jaioterrietan geratzea ezinezkoa zaielako. Milioika pertsona migratzera behartuta sentitzen dira, eta bidaia horretan, milaka erailak izaten dira; milaka pertsona lan edo sexu esklabu bihurtzen dira, eta milioika pertsonen giza eskubideak zapalduak izaten dira. Injustizia eta basakeria hauek kapitalak ezarritako eredu neoliberalak ahalbidetzen ditu. Bere eskutik, estatuek diseinatutako politikek migrazio fluxuak kriminalizatzen dituzte. Herrialde gehienek arau basatiak diseinatu dituzte migranteei eskubide zibil, politiko eta laboralak ukatzeko.
Geure herriari dagokionez, egoera berdina da. Egun jada milaka dira hainbat alorretan esplotazio baldintzetan lanean ari diren migranteak: etxeko zerbitzuan, industrian, eraikuntzan, ostalaritzan, arrantzan... Euskal Herriari nazio izaera ukatzen zaio eta, ondorioz, bere biztanleek ez dute ezhiritartasunik ez nazionalitaterik . Hiritartasuna eta nazionalitate gaiei heltzeko tresnarik ez dugunez, Euskal Herrian bizi diren migranteei Estatu frantsesaren eta Estatu espainolaren legedi krudelak aplikatzen zaizkie.
Horrela, eta jada, migranteak gero eta prekarioagoa eta arautu-gabeagoa den lan merkatuan kokatuz, alderik txarrena egokitzen zaie. Beren soldatak baxuenak dira, beren kontratuak prekarioenak dira, edota ez dute kontraturik, eta eskubide laboral zein sindikalak ukatzen zaizkie. Emakume etorkinen kasuan, esplotazio egoerak krudelagoak izaten dira, lan sektore femeninoetan sartzen direlako eta horietan lan baldintzak okerragoak direlako. Prekarietateak etorkin aurpegia duela esaten dugu. Zentzu honetan, sindikalgintzatik lanean jarraituko dugu egunez egun, lantokiz lantoki, eremuz eremu, diskriminazioei eta esplotazio egoerei aurre egiten. Euskal Herriko gainerako langileek dituzten lan eskubideak eta eskubide sindikalak izan ditzaten.
Hori guztia dela-eta, ostegunean, abenduaren 20an, Baionako epaitegi aurrean elkarretaratze bat antolatu da. Han, enpresa multzo batek paperik gabe eta lan baldintza kaxkarretan lan egiten zuten migranteak zituen. Sarkozyren legearen ondorioz, pertsona hauek Estatu frantsesetik kanporatu zituzten. LABek horren kontrako salaketa jarri zuen eta ostegunean epaiketa izanen da. Hala, LABeko proiektu sindikaletik berresten dugu, migranteen eskubideen defentsarekiko dugun konpromisoa. Sindikatuaren proiektu abertzale eta sozialistak ezin du inolaz ere onartu diskriminazio rik Euskal Herriko lantokietan.
Migranteak bigarren edo hirugarren mailako langileak izan ez daitezen borrokatuko dugu; baldintza legaletan lan egin dezaten, lan kontratua eta gizarte segurantza izatearen alde irmoki egingo dugu. Kolektibo honen diskriminazioa bukatzeko borrokatuko gara. Honengatik guztiagatik eta Euskal Herriko langileak direlako beren eskubideak bermatzeko borrokatzen jarraituko dugu.