GARA > Idatzia > Kultura

«Niri txapelak ez dit esan `bazara', `bide horretan segi' esan dit»

p044_f01.jpg

Aitor MENDILUZE

GIPUZKOAKO TXAPELDUNA

Txapelketan behin eta berriz esan du, ia nekatu arte, txapela ez zuela helburua. Ondo egindako lanaren ondorioa izan zitekeela, baina ez helburua. Jantzi zuen, majo hunkituta jantzi ere. Aurrerantzean bertsoari helduta jarraitu behar duela garbi dauka Aitor Mendiluzek.

Amagoia MUJIKA | DONOSTIA

Finalaren biharamuna, finala bera baino gogorragoa izan da. Elkarrizketak han eta hemen eta telefonoa sutan. Normal-normal pasatu nahi zuen eguna, baina, ezinezkoa izan da.

Normaltasuna nahi zenuen, baina, normaltasun gutxi.

Hala nahi nuen, baina elkarrizketa batekin eta bestearekin, jai hartu behar izan dut. Eta, egia esan, ez dut une bat bera ere izan lasai egoteko; egun osoan telefonoa, telefonoa, telefonoa eta argazkiak gora eta behera. Biharamuna finala baino askoz gogorragoa izan da. Finalean neure buruaz bakarrik kezkatu behar nuen eta, gaur (atzo), beste guztiaz.

Finaleko sentsazioak eta hurrengo egunekoak desberdinak al dira?

Egia esan ez. Atzo oholtzatik jaitsi nintzen taldean zerbait ona egin genuen sentsazioarekin, eta banaka ere gustura. Gaur ere, batez ere, hori da nagusi, taldeko sentsazio indartsu hori. Finala aurrera atera behar genuen, eta atera dugu.

Ilusio berezia egin dizun zorionen bat jasoko zenuen noski.

Inguruko bertsolarienak, elkarteko jendearenak, lankideenak, lagunenak... Inguruan zugatik pozten den hainbeste jende ikustea pozgarria da. Multzoarekin geratzen naiz.

Datozen egunetan solasalditxoren bat izango al duzu txapelarekin?

Ez. Txapelari buruz gehiegi hitz egin dugula uste dut eta, oraingoz, dagoela. Txapelari hainbesteko transzendentziarik ez zaio eman behar. Ederra da, baina erotu ere ez dugu egin behar.

Horixe izan da zure mezua txapelketa guztian, baina, txapela jantzita begiak busti zitzaizkizun.

Ez da txapelagatik bakarrik, txapelketak dakarren guztiagatik baizik: momentuaren emotibitateagatik; Joxe Mari Altunagatik; kantukideengatik eta gauza askorengatik. Joxe Mari Altuna asko estimatzen dudan pertsona da, aspalditik ezagutzen dudana eta horregatik bakarrik ere, berezia zen momentua.

Hain hunkituta ikusteak kasik harritu egin gintuen.

Ez naiz hain pertsona hotza edo kalkulatzailea, baina eskarmentua hartzen duzu urteekin. Baina atzo (igandeagatik) sentsazio asko ziren batuta, batez ere, azken urteotan batera eta bestera egindako bide guztian mugarri garrantzitsu bat izango zelako.

Mugarria esan duzu. Eta, hemendik aurrera, zer?

Bada, honaino bezala. Bertso bakoitza da inportantea, berezia eta, batez ere, ederra. Berriz ere bertsoa izango da niretzat inportantea.

Baina, txapelak zer edo zer esango zizun, ezta?

Niri txapelak ez dit esan `bazara', ez du aldatu nintzena eta ez nintzena. `Segi' esan dit. Bide bat egiten ari zarela eta bide horrek balio eta pisu bat baduela esateko modu bat dela uste dut.

Etxekoak pozik egongo dira, beraiek ere sufritzen baitute txapelketak dakarren guztia.

Denbora gutxi etxean, gaudenean ere, burua askotan beste nonbait... Horrez gain, beraiek ere, tokatzen zaien parteagatik, tentsioa bizi izaten dute. Horregatik, bukatzen denean eta, gainera, horrela bukatzen denean, poztu egiten dira.

Aita izan zenuen gogoan txapela eskaintzean.

Ez neukan ezer garbi. Ni ez naiz txapel eskaintzak, agurrak eta halakoak pentsatuak eraman zale. «Goazen saiora eta gero ikusiko da», pentsatzen dut beti. Baina, behin eskaintza pentsatzen hasita, jende asko zegoen han eskertzeko. Horietako bat zen aita, nahita ere eskertu ezin niona. Horregatik, aitari eskaini nion, merezi zuelako bere zatia.

Final denak bakarrak eta desberdinak omen dira. Illunbekoa nolakoa izan da?

Batetik, atzetik datorren belaunaldi baten konfirmazioa izan dela uste dut. Gipuzkoaren ikuspegitik ere garrantzitsua, berriz ere txapelketa handi bat, bete-bete bat eta berriz ere egiten ari den lanaren berrespena izan delako.

Noizean behin bertsolariak beharrezkoak al ditu horrelako festak?

Ez dakit zenbateraino behar duen, nahiz eta oso ederra den. Nik uste dut gehiago behar ditugula astebururoko txalo zaparrada txikiak, irribarre konplizeak eta halakoak. Horrelako finalek, finean, animoa ematen dizute beste saio horien bila joateko. Baina Illunbeko itxurak berak zirrara sortzen zuen, izugarria izan zen.

hunkituta

«Ez naiz hain pertsona hotza eta kalkulatzailea, baina eskarmentua hartzen duzu urteekin. Baina, atzo, sentsazio asko ziren batuta»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo