GARA > Idatzia > Kultura

Lamina asko geratzen zaigu Euskal Herrian?: Erantzuna «33 + 3 urte kontu kontari» liburuan

Donostiako Txotxongilo Taldea sortu zenetik 36 urte pasa direla- eta, arduradunek, Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek, liburu bitxia kaleratu dute: «33 + 3 urte kontu kontari».

p044_f03_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

«33 + 3 kontu kontari» liburua zinez garrantzitsuak diren galderei erantzuna ematen saiatzen da, etxeko txikiek behin baino gehiagotan errepikatu ohi dituzten hamar galdera ohikoenak.

Katu guztiak gaiztoak dira? Lamina asko geratzen al zaigu Euskal Herrian? Zergatik bizi da basoan Txanogorritxoren amona? Zer entzun dezakegu itsas kurkuilu bat belarrian jarrita? Altxor bat aurkitzeko oso urruti joan behar da? Horiek dira liburuak erantzuten dituen galderetako batzuk.

Galderei erantzuna eman dietenek eskarmentu handia dute kontu horietan, noski. Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek orain 36 urte sortu zuten Txotxongilo Taldea. «33 + 3 urte» beraz, «herriz herri ipuinak kontatzen, izarrak pizten, ametsak sortzen eta galderak egiten». Urte hauek guztiak igarota, orain hilabete batzuk hasi ziren galdera sorta hau prestatzen, «zerrenda osatu genuen eta liburua osatu nahi genuen ipuinen bitartez hauei erantzuna emateko», azaldu zuen Genuak Donostian lagun artean egindako aurkezpenean.

«Gure inguruko lagun eta artistekin beste zerrenda bat osatu genuen ondoren, eta beraiei galderei erantzuteko eskatu genien», gaineratu zuen. «Lagun eta artista» hauek Nekane Elizagarate, Jose Ignazio Ansorena, Mirri; Txema Vitoria, Txiribiton; Virginia Imaz; Luchy Mancisidor; Aizpea Goenaga; Itziar Zubizarreta; Andu Lertxundi; Jesus Mari Goñi; Xabier Egaña; Mariasun Landa; Julia Otxoa; Mari Karmen Garmendia; Xabier Oteagi, Txirri, Imanol Urbieta; Udarregi ikastetxeko eta Larramendi ikastetxeko neska-mutilak; Xabier Mujika; Jon Zabaleta eta Jesus Lucas dira.

Bakoitzari bi galdera

Lagun hauetariko bakoitzari bi galdera egin zizkieten Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek, eta haiek bakarra aukeratu behar zuten 10 lerro ingurutan erantzuteko. Batzuek bi galderei erantzun zieten, molde ezberdinak erabiliz gainera, olerki moduan batzuek, ipuin moduan beste zenbaitek, eta egon zen kantu moduan erantzun zuenik ere. Liburuan, ilustrazio ugari ere bildu dituzte, Jon Zabaletak eta Jesus Lucasek egindakoak.

Haurrei zuzendutako txotxongilo talde hau 1971. urtean sortu zen Donostian, eta ordutik, 22 ikuskizun estreinatu dituzte.

Hasiera-hasieratik euskaraz egin dute lan, eta beren ipuinetariko asko herriko ohituretan, pertsonaiengan, istorioetan edota kantuetan oinarritu dituzte.

Egun hamalau antzezlan dituzte abian; edozein eskolatan eskaintzeko moduko lan txikietatik hasi, eta orkestra eta guzti egiten dituzten antzezlan handiak barne.

Ipurtargi, Azken eta Putz, Aupi eta Puaf, Osaba Joxe eta Erreka Mari dira beren pertsonaietariko batzuk, hain zuzen, argitaratutako 15 ipuin eta 21 diskoetan aurki daitezkeen pertsonaiak.

Horiek hala, Enkarni Genua eta Manolo Gomezek argi zuten nori zuzendu liburua: «familia guztiei, gauero etxeko txikiak loak hartu baino lehen, ipuinak irakurtzen dizkieten guraso eta aiton-amonei; gurekin irakurtzen ikasi duten neska-mutilei; gure ikuskizunak ikusi eta gogoratu nahi dituzten guztiei; txikiak zirenean gure pertsonaiak ezagutu eta maite zituzten gazteei; eta hitz batean denoi».

Fitxa

Izenburua: «33+3 urte kontu kontari» .

Egileak: Enkarni Genua eta Manolo Gomez.

Argitaletxea: Erein.

Salneurria: 12 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo