GARA > Idatzia > Kirolak

Pilota

Sorhuetek ere lortu du finalerdietako txartela

ETXETO 38

SORHUET 40

Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Superprestigioko finalerdiak jokatuko zituen azkeneko pilotariaren izena falta zen, baina dagoeneko badakigu: Sebastien Sorhuet izango da, atzo ezustean harrapatu eta mendean hartu baitzuen Thierry Etxeto.

Irabaztea baino beste aukerarik ez zuten atzo Etxetok zein Sorhuetek, eta biak joan ziren trinketera asmo horrekin. Egia esan, ikuskizun aparta eskaini zuten, orain arte jokatu diren partidarik ederrenetarikoa izan zen.

Neurketa hasi aurretik Thierry Etxeto zen irabazteko faboritoa, berak orain dela bi urte irabazi baitzuen txapela, eta iaz ere finalerdietan izan zen. Esku eskura izan zuen atzoko garaipena, baina ihes egin zion, eta Sorhuetek izango du finalerdiak jokatzeko aukera.

Lehen kintzeko orekaren ostean, Sorhuete aurreratu, eta hala jarraitu zuen lehen hogei tantoetan, baina Etxetok 19-19 berdindu zuen, eta handik aurrera berak hartu zuen partidaren agintea.

Atzelari lapurtarrak ez zuen ezusterik nahi, eta ongi jokatuz tartea zabaltzen hasio zen. 5-1eko partziala lortu zuen, eta 25-20 aitzineratu zen. Bost tantoko aldea ez da handia, baina tarte polita zen, eta horri eusten saiatu zen. Horrekin batera, Sorhuetek txakalaldi bat izan zuen, aldea gehitu egin zuen Etxetok, eta finalerdietarako txartela ere eskuetan izan zuen, 37-33 jarri zenean. Hiru kintze geratzen zitzaizion, baina Pausuako aurrelariak ez zuen burua galdu, irabazteko aukerak bazituela seguru zegoen eta, amaieran, horrexek eman zion garaipena. Beste zenbaitek galdutzat emango zuen partida, baina berak ez, eta horren saria jaso zuen.

Neurketa benetan zail zeukan, baina 38-38 berdindu zuen, eta zailena eginda, lanari behar bezalako amaiera eman zion eta bi kintze errenkadan egin. Azkenik lortua zuen finalerdietarako txartela .

Datorren igandean, 16.00etan hasita, Donibane Garazin, Garat trinketean jokatuko dituzte bi finalerdiak. Bertan, Paxkal Ezkurra eta Waltari arituko dira indarrak neurtzen lehen partidan. Norgehiagoka honek sekulako ikusmina piztu du. Hauek beren lanak amaitutakoan, Sorhuetek eta Ozafrainek jokatuko dute beste finalerdia. Orain arte ikusitakoaren arabera, Ozafrain eta Ezkurra dira faboritoak, baina Sorhuet eta Waltari ere kontuan hartu behar dira.

ETXETO

38

SORHUET

40

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo