GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Donibane Lohizunek eta Maulek gora egin dute

Nafarroa egoera larrian dago, Marmanderen zelaian astindu handi samarra hartu baitu.

Jon LEUNDA | BAIONA

Liga Federalean, Lehen Mailan, Donibane Lohizunek eta Maulek garrantzi handiko garaipenak erdietsi dituzte. Nafarroak, aldiz, galdu egin du, eta bere egoera oso larria da oraindik ere.

Bosgarren multzoan, Maulek beharrezkoa zuen garaipena erdiestea, eta zuberotarrek ez zuten hutsik egin, Langon taldeari 26 eta 14 irabazi baitzioten. Partida oso estua izan zen, baina zuri-gorriek partida ona egin zuten, eta sailkapeneko azkeneko postuak berriro ere uzteko modua egin dute. Lau entsegu eta hiru transformazio egin zituen talde zuberotarrak.

Seigarren multzoan, Donibane Lohizunek eta Nafarroak ere behar zituzten puntuak, baina azkenean lapurtarrek bakarrik lortu zituzten, 34-20 menderatu baitzuen Mielan taldea. Pardonek, Idaburuk eta Zubizarretak gauzatu zituzten entseguak, eta Elizondok bost zigor-kolpe eta bi transformazio egin zituen.

Nafarroak ere puntu premia handia zuen, baina Marmandek ere beharrezkoak zituen, eta puntuak etxean geratu ziren; Nafarroak 51-10 galdu zuen. Nafarroa Beherekoek entsegu bat egin zuen Etxebarriari esker, eta Iturririak bihurtze bat eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen.

Sailkapenari begira jarrita, aldaketa batzuk izan dira azkeneko jardunaldi honetako emaitza hauen ondorioz. Bosgarren multzoan, Maulek gora egin du, eta orain bosgarren dago 16 punturekin. Seigarrenean, Donibane Lohizunek postu bat egin du gora, eta laugarren jarri da, 24 punturekin, eta Nafarroak bat egin du atzera, eta orain zazpigarren dago 12 punturekin.

Emakumezkoen Lehen Mailan, ASB Baionak irabazi egin du kanpoan; berde-moreek sailkapeneko lehen postuan jarraituko dute, eta alde nabarmena kentzen diete gainerakoei. Top 10erako igoera fasea jokatzeko txartela eskuetan daukate ia.

Lanean

Liga Federaleko Lehen Mailan ari diren hiru euskal taldeek lanean jarraitu beharko dute helbura bete ahal izateko. Maulek eta Nafarroak mailari eutsi nahi diote, eta Donibane Lohizunek bigarren fasea jokatu nahi du

Oker

Nafarroa da hiruretan okerren dabilena. Hori-gorriek beren multzoko azkeneko postuetan ibili dira denboraldi osoan, eta gauzak dezente aldatu beharko dituzte, heldu den urtean Bigarren Mailan aritu nahi ez badute

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo