Diskoak-disko etxeak: anekdotak eta bitartekariak
Azokan saltzen den diskoen kopuruak eta fakturazioak, urte batzuetako salbuespena kenduta, ez du jasan azken hamar urteetan disko dendetan diskoek salmentetan izan duten jaitsiera (%50). Noiz iritsiko zaio beherakada hori Azokari? Iraun al dezakete disko etxeek urte osoa Azokako salmentekin? Pentsa bost egunetan saltzen dela urteko %30.
Aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokari ia urtero gertatzen zaiona pasatu zaio. Nagusiki bi jarrera egoten dira: batetik, liburu saltzaileen (argitaletxeen) irizpidea eta, bestetik, disko saltzaileen (disko etxeen) irizpidea. Mundu zeharo desberdinak eta arazo arras kontrajarriak. Euskal liburuen zenbait argitaratzailek salatu du Azokan gero eta gehiago barneratzen ari dela gaztelaniaz idatzitako liburuen presentzia. Maiz gazteleraz idatzitako liburuak izan dira salduenak. Baina, dena den, liburuek badute beste arazo bat.
Nahiz eta Azokan salmenta ederrak izan, liburu erosketa asko oso konpulsiboak dira eta argitaratzaileen kexa irakurle kopuru baxuaren ildotik dator. Erositakoa ez da irakurtzen eta etxeko apalak betetzeko baino ez du balio, zenbat zentimetro-liburu halako kultura dute etxe horretan. Askok horrela erakusten eta neurtzen dute beren kultur maila. %25ak irakurtzen ditu Azokan erositako liburuak, baina fakturazio maila oso goian dago eta hori beti da interesgarria enpresaren poltsikoarentzat.
Diskoetan, liburuetan bezala, sona handiko artisten salmenta beti izaten da altua. Oraingoz, ordea. Azokan saltzen den diskoen kopuruak eta fakturazioak, urte batzuetako salbuespena kenduta, ez du jasan azken hamar urteetan disko dendetan diskoek salmentetan izan duten jaitsiera (%50). Noiz iritsiko zaio beherakada hori Durangoko Liburu eta Disko Azokari? Iraun al dezakete disko etxeek urte osoa egun horietako salmentekin? Pentsa Azokako bost egunetan saltzen dela urteko %30. Disko etxeen existentziaren atal nagusia salmenta da eta, oraingoz, garrantzitsua bada ere, laster fakturazio hori ezerezean geratuko da.
Durangoko Azokan saltzen diren diskoek hiru arrazoi hauek dituzte: batzuentzat, Eguberriak gertu, opariak egiteko dira; besteentzat, beti erosi behar da zerbait Azokan, eta beste batzuentzat, erosketa konpultsiboa da. Niri diskoak interesatzen zaizkit, baina gero eta gehiago ikusten ditut negozioaren lagungarri negozio baino. Beraz, disko etxeak musika-bulego baten barruan ikusten ditut (diskoak, zuzenekoak, editoriala...) edo ez zaizkit interesatzen. Salmenta anekdotiko bilakatzen da jakinda talde baten diskoak fakturatzen duen euro bakoitzeko talde beraren zuzenekoak 300 euro fakturatzen dituela. Diskoa azken helburua lortzeko bitartekaria da, artisten zuzeneko kontzertuen kudeaketa.
Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea