GARA > Idatzia > Musika

Bergarako Aby-Kem taldearen ŤAzken gudať diskoa kaleratu du Gaztelupeko Hotsak etxeak

p056_f01_97x93_2.jpg

I. P. | DONOSTIA

Aby-Kem Bergarako taldeak atzo aurkeztu zuen «Azken guda», kaleratu duen bere lehenengo diskoa. Hardcore-a eta metala nahasten dituen talde honek iaz Deba beherean antolatzen duten Danbaka musika lehiaketa irabazi zuen. Sari moduan Gaztelupeko Hotsak disko etxearen laguntzarekin disko bat grabatzeko aukera lortu zuten eta urtebete geroago aurkeztu dute.

Mikel Ilarduia taldekidearen esanetan, «esperientzia sekulakoa izan da. Uztailaren hasieran hasi ginen grabatzen eta hilabetez luzatu zen estudioko lana. Emaitza oso txukuna lortu dugu, gainera estudio profesional batean grabatzea beti desiratu izan dugun ametsa da eta, azkenean, lortu dugu».

Taldearen lehenengo diskoa bada ere, aurretik maketaren bat grabatua zuten. Lan berriak thrash-metal musika estiloko euskarazko sei kanta bildu ditu, eta guztira 55 minutuko iraupena du. Mikel Ilarduiak azaldu duen legez, «taldeak zuzeneko oso bortitza duela askotan aipatu digute, eta hori islatzen saiatu gara. Lortu dugulakoan gaude, nahiz eta askotan ez den erraza suertatzen disko batean bilatzen den efektua lortzea».

Aby-Kem (pantera beltza esan nahi du egiptoar jeroglifikoetan) proiektuaren lehenengo pausoak 2003. urtean hasi ziren ematen. Hainbat gorabeheraren ondoren, gaur egun taldea Mikel Ilarduiak (gitarra), Rober Ugartek (gitarra), Iñigo Ibarzabalek (bateria), Aimar Lasak (baxua) eta Mikel Alvarezek (ahotsa) osatua dago.

Datozen hilabeteotan Aby-Kem taldeak Euskal Herriko hainbat herritan eskainiko ditu bere kontzertuak: besteak beste, Azpeitiko gaztetxean, abenduaren 22an; Zarautzen, urtarrilaren 4an; eta Bergarako gaztetxean, Naiz Roxa eta Trigger Travis taldeekin batera, otsailaren 8an arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo