Polizia britainiarrak Bilbao Live bisitatuko du datorren urtean
Duela hogeita hamar urte sortu, zazpi urtean bost lan plazaratu eta milioika disko saldu ondoren banatu zen hirukote britainiarra. The Police berriro elkartu da orain, eta Kobetamendin izango da uztailaren 4an.
Anartz BILBAO | BILBO
Urrun da uztaila eta hurbil The Police. 1977an sortutako hirukotea oholtza gainera itzuli da aurten, sortu zireneko 30. urteurrena ospatu asmotan edo. Gustura gelditu dira, antza (txin-txin hotsak poltsikoetan), eta 2008rako itzuli zabala prestatu du taldeak, Bilbo geltoki izango duena. Sting, Andy Summers eta Stewart Copelandek osatutako The Police izango da, beraz, datorren Bilbao Live jaialdia irekiko duen talde izarra.
Joan den irailaren bukaeran, esaterako, Bartzelonan jo zuen hirukoteak, baina Bilbon zuzeneko are ikusgarriagoa ikusiko omen dugu, eszenografia landuagoa prestatzen dabiltza eta. Egun horretako gainontzeko taldeak ere ildo beretik joango omen dira, gainera, jaialdiak orokorrean genero aniztasuna bilatzen badu ere, Europan egin ohi den gisara.
Hauxe da atzo goizean Marcos Murok, Jon Ugaldek eta Alfonso Santiagok Udalaren, BBK-ren eta Last Tour International antolatzaileen ordezkariek prentsaurrekoan eman zuten berri potoloena.
Azpiegitura aldetik aurrekoaren bide bera jarraituko duen jaialdiaren datak ere eman zituzten ezagutzera. 2008an, asteburu batez egingo da Bilbao Live, uztailaren 4tik 6ra, eta afixa dagoeneko aurreratu samar omen daukate, publiko egin duten izen bakarra aipatutako The Police bada ere. Antolatzaileen esanetan, otsaila aldera ia afixa osoa ezagutzeko parada izango dugu, uztailaren 5eko afixa burua sinatua eta uztailaren 6koa sinatzear baitago. Zuhurtasuna eskatu zuten hala ere, hirien arteko lehia handia sortu baita azkenaldian musika izar handiak erakartzeko orduan. Gogoratu, adibide gisa, Kobetamendiko jaialdia ospatu eta hamar egunera Bruce Springsteen Anoetara hurbilduko dela.
Datorren jaialdia astebukaera batera mugatzea ez da iragarritako berrikuntza bakarra. Euskadi Gaztea lehiaketako sarituak ere izango omen du jaialdian parte hartzeko aukera, atzo iragarri zutenez.
Aurtengoa hobetu nahian
Aurtengo datuen berri ere eman zuten atzokoan. Guztira 95.000 musikazale inguru igo ziren Kobetamendira, eta horietatik 40.000 inguru Metallica ikustera. Aurrekontuari dagokionez, 2007koaren antzekoa izango da hurrengo urtekoa: zazpi milioi euro guztira. Izan ere, hiru urterako hitzarmena dute antolatzaileek, eta honakoa bigarrena baino ez da.
2008rako, iazko gorabeherak ekidin eta egun bakoitzeko zale kopurua homogeneizatu nahi dute, eguneko 35.000 ikus-entzule inguru hartuta mugatzat. Horretarako, azpiegiturak eta garraioa ere ahal den neurrian hobetu nahian dabiltza. Gainera, asteburu bakarra izaki, bonoek arrakasta izatea espero da.
Gaur bertan, 14.00etatik aurrera, jarriko dira salgai uztailaren 4ko sarrera solteak eta bonoak BBK-ko orotariko kutxazainetan zein 944 310 310 telefonoan.
Eskorbutori, «Mucha policía, poca diversión», kontra eginez, ikuskizuna The Police-rekin, poliziaz beteriko Bilbon.
Kasete edo CD piratan bada ere? Izan ere, hirukote britainiarrak milioika disko saldu ditu munduan zehar, punk, reggae eta jazz nahasketarekin pop doinu atseginak sortuz. Musikazale ia orok gutxienez behin gustura ikusiko lukeen talde horietakoa dugu The Police, oraindik oihartzun eta ospe nabarmena duena, baita gurean ere.
Gordon Sumner Sting, Andy Summers eta Stewart Copeland-ek 1977an sortu zuten The Police taldea Londresen. 80ko hamarkadan boladan izan genuen taldeak lau lan plazaratu zituen zazpi urtean, eta 1986an banatu zen.
«Outlandos d´Amour» dute estreinako lana, 1978an plazaratua. Bertan, gehienok ezagun ditugun «So Lonely» edo «Roxanne» prostitutaren kantua, besteak beste. 1979koa dugu hurrena, «Reggatta de Blanc». Eta honetan ere, zenbait klasiko, «Walking on the Moon» edo «Message in a Bottle», kasu. Hurrengoarekin, 1980ko «Zenyattà Mondatta»-rekin, «De do do do, De da da da» abestu genuen. Laugarren lana dute ilunena, 1981eko «Ghost in the Machine». Azkenak, eta askoren ustez bikainenak, «Synchronicity»-k, izen bereko kanta eta «Every breath you take» utzi zituen. Horra klasiko andana.
Jaialdia: Bilbao BBK Live 08.
Data: Uztailaren 4tik 6ra.
Lekua: Kobetamendi (Bilbo).
Sarrera: Gaur, 14.00etatik aurrera salgai. Urtarrilaren 15era arte (bi mila sarrera) bonoa, 130 euro. Uztailaren 4ko sarrera (The Police), 72 euro.
Inf.: <www.bilbaobbklive.com>.