Jon Gerediagak bizitza ospatzen du «Jainkoa harrapatzeko tranpa» bere bigarren olerki liburuan
Idazle bizkaitarrak existentziari buruzko hausnarketa egiten du Pamielak argitaratu duen azken poema bilduman. Antzerkiola Imaginarioaren gidoigilea baikorrago agertzen da bigarren liburu honetan.
Karolina ALMAGIA | BILBO
FTI-Antzerkiola Imaginarioaren sortzaileetako bat da Jon Gerediaga (Bilbo, 1975). Bertan ibili da azken urteetan dramagile eta ikerlari lanetan eta, egun, euskal antzerkiaren esparruko berritzailetzat hartua da. Gerediagak parte hartu du, besteak beste, «8 Olivetti poetiko», «Mundopolski», «Yuri Sam, Otoiza», edota «Au Revoir, triunfadores» gidoi apurtzaileen idazketan.
Horrez gain, Gerediaga poesia idazlea ere bada. 2004ean ustekabe atsegina eman zuen «Fitola balba, karpuki tui» (Pamiela) argitaratu zuenean. Atzo, «Jainkoa harrapatzeko tranpa» bigarren poesia liburua aurkeztu zuen Bilboko kafe antzokian. Bertan, Jose Angel Irigaray-k esan zuen, «jadanik Jon Gerediagaren poetikak leku bat» egin duela euskal literaturaren munduan.
Poetika horretaz, «berezia da, gainera» eta «sinesgarritasuna» eta «zinezkotasuna» nabarmendu zituen. «Nabaritzen zaio inplikazio pertsonal bat. Norberaren dramatik abiatuta, oso unibertsalak diren parametroetara heltzen da».
«Jainkoa harrapatzeko tranpa»ren hitzaurrea Anjel Zelaietak egin du. Bere hitzetan, «tranpa» hori «geu, irakurleok, gara». Hori da, behintzat, berak atera duen ondorioa Gerediagaren poemak irakurri ondoren. «Jonek askotan aipatzen du bizirik dagoela. Badirudi hori dela bere jainkoa: bizirik egotea. Nahiz eta bukaeran esaten duen ez dakiela bizirik egoteak zer esan nahi duen».
Zelaietak gaineratu zuen Gerediagaren poesia irakurri ahala «adiskide batekin topo» egiten duzula, «egiatan bila dabilena, harrokeriarik gabe, amets handiarekin, eta, berak esaten duen moduan, etengabe ihesean». Adiskide horrek duen ametsekin «bat egiten du irakurleak -Zelaietaren esanetan-, sinesgarri bihurtzen zaizkigu eta jarraitu egiten diogu bere bideari».
«Jainkoa harrapatzeko tranpa» liburuan agertzen diren poemak 2004tik aurrera idatzita daude. Egilearen ustez, «oso ezberdina» da poema sorta hau, aurreko liburuarekin alderatuta. «Tarte handia dago. Lehenengoa garai gogor baten ostean idatzi nuen, depresio batetik atera berri nintzenean. Lehenengo partea nahiko iluna zen, baina nik uste dut azkenean bazegoela bizitzeko gogo bat. Azken liburu honetan, berriz, hasieratik saiatu naiz bizitza ospatzen, garai samurrago bat bizi izan dudalako azken hiru urteetan. Gainera mendi aldean bizi nintzen eta bizitzari kantatzeko gogoa nuen. Lekeitio aldeko baserri batean idatzi nituen poema gehienak, horregatik, itsasoa eta natura oso presente daude».
«Zintzotasunez» egin du Gerediagak liburua, «hala eskatzen zidalako gorputzak». Jainkoa esaten duenean, jaungoiko katoliko bati buruz ez dela ari argitu du. «Izateari buruz ari naiz. Jainkoa metafora bezala erabiltzen dut. Bizitza ospatu nahi dut, baina badakit alde egiten duela. Tartean borroka bat dago eta borroka horretan nik kantatu nahi dut esateko zoriontsua izan daitekeela gizakia».
Oteizaren itzala
Jose Angel Irigarayrentzat, Gerediagak «bat egiten du Oteizarekin, oinarrian. Beren barruetan dituzten kexkak antzekoak dira. Artea tranpa bat da berentzako, mozorro bat». Tituluan ere Oteiza sumatzen da, egileak berak aitortu zuenez. «El hombre del Neolítico hace trampas físicas para cazar lobos y trampas metafísicas para cazar a Dios, esaten zuen Oteizak `Quosque tamdem-en'. Hortik dator liburu honen titulua».
Titulua: «Jainkoa harrapatzeko tranpa».
Egilea: Jon Gerediaga.
Argitaletxea: Pamiela.
Generoa: Poesia.
Orrialdeak: 80.