GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

baserritar jantziak

Tradizioa eta berritasuna josi nahian

Ilusioa edota ondo deskriba ezin daitekeen sentimendua piztu ohi zaie askori baserritar jantziak gogoratzean, horiek soinean janztea Eguberriekin eta, nola ez, Olentzero eta honen opariekin lotzen baita estu-estuan. Hainbatek larritasuna eta lanaren zama sumatzen dute, ordea, jantziok aipatu orduko.

p014_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Lanez leporaino dabiltza baserritar jantziak edota horien osagarriak saltzen dituzten dendak. Denak zalapartaka, bai jostunak, bai eta erosleak ere; baserritar jantziei hautsa kendu eta bata eta bestea falta zaiola jabetzen diren horiek. Urte osoan ere lanez gainezka izaten direla aitortu dute, baina Rosaura Bravo eta Argiñe Azkarate azken egunetan arnasa hartzeko ere ia betarik gabe ari dira josi eta josi, moldatu eta moldatu. Orioko Txintxarri arropa denda erreferentzia bilakatu da baserritar jantziak erosi nahi dituzten askorentzat, eta horrek poztu eta asetu egiten ditu, baina makina bat lan eta buruhauste ere ematen dizkie.

Hamar bat urte daramatzate baserritar jantziak egiten. Kasualitatez hasi zirela kontatzen dute: «Alaba dantzan aritzen zen eta jantziak berritzeko asmoa zegoela-eta hasi nintzen baserritar jantziak josten; lanbide bilakatu zitzaigun gero», adierazi du Rosaura Bravok. Urte osoan aritzen dira jantziak josten eta «horri eskerrak; aste gutxitan ezin baitira horrenbeste gona, alkandora eta mantal josi».

Egun hauetan goizeko zortzi eta erdietan hasten dira lanean, eta eguerdian bazkaltzeko ordubete hartu eta gauera arte aritzen dira beharrean. Afalondoan ere badute egitekorik, orduan, telebista lagun dutela, artilezko tokilak egiten aritzen dira, «lo geratu arte».

Eguberri garaia da baserritar jantzi gehien saltzen duten sasoia, baina batean eta bestean egiten diren euskal jai edota bestelako ospakizunetarako ere asko saltzen dituzte. Ezin kontatu egindako eta osatutako jantzi guztiak, baina adibide gisa hauxe esan dute: «Azaroaren hasieratik orain arte 70 artilezko tokila egin ditugu eta jositako traje kopurua askoz ere handiagoa da, kontuak atera».

Kaleko jantzietan handia izan da azken urteetan gertatutako aldaketa, zenbat irribarre orain urte batzuk ateratako argazkiei begiradatxo bat ematean. Pareko aldaketa edota agian handiagoa gertatu da baserritar jantzietan. Ez dira horrenbeste urte hain ohiko ziren tanto zuridun gona beltzak besterik ikusten ez zirela. Ondoren, etorri zen, kolore berean baina lore estanpatuak zituztenak.

Bravo eta Azkarateren dendan ez da horrelakorik topatzen; baserritar arropa bai, baina kolore ezberdinak baliatzen dituzte egiteko, eta kalean gero eta gehiago ikusten diren jantzi «modernoagoak» josten dituzte. Granatea, urdina, beltza grisa, tartean berdea... Dendara apenas etortzen da inor jada ohiko trajeen bila. «Klasikoagoak direnek beltza eta grisa aukeratzen dute, baina diseinua bertsua izaten da jantzi guztietan; aurten morea ere erabili dugu baserritar jantziak egiteko, eta oraindik jendea ez da gehiegi ausartzen, baina seguru gaude datorren urtean gehiago salduko ditugula». Azken urteetan, gona luze eta koloredunak, mantal luzeak eta gonarekin bat datorren aldakandorak dute arrakastarik handiena. Mutilen kasuan ere aldaketak izan dira, baina apalagoak: «Gerrikoa kolorez aldatu da eta txalekoa ere jarri zaio; baina gainontzean ez da aldaketa handirik izan», azaldu dute biek.

Bravo eta Azkarate aldizkarietan aritzen dira ideia bila, baina, batez ere, imajinazioari mugarik ez jartzea da beraientzat berritzeko sekretua. Bitxia edo deigarria badirudi ere, zailena ohialak aurkitu eta erostea dela diote. «Baserritar jantziak egiteko egokiak diren oihalak aurkitzea kosta egiten da eta horretan izaten ditugu buruhauste gehien». Horregatik, guraizeekin, orratzekin, josteko makinarekin edota metroarekin egiten duten lanari bilaketa lana ere gehitu behar zaio, begiak zabal-zabalik ibili beste erremediorik ez baitute izaten.

Erosleak Euskal Herriko hainbat lekutatik etortzen zaizkiela diote: «Gehinetsuenak ingurutik, baina baita, Gasteiztik, Iruñetik, Arrasatetik, Errezildik...». Gehienetan erosleak eginda dagoen jantzi bat erosten du, baina bada oihal bat edo bestea gustatu eta neurrira egiteko eskatzen duenik ere; «denetik dago». Bitxikeria franko bizi izan dituzte urteotan, azkenekoa asteburu honetan bertan: «Neskato bat etorri zen baserritar jantzia erostera. Gonarik ez zuela nahi eta ez zuela nahi hasi zen esaten, eta azkenean berezixeagoa baina mutil jantziak erosita joan arte onik ez zuen izan».

Garesti samarra gertatzen da jantzi osoa erostea, eta jendeak pixkanaka ere osatzen duela aitortu dute. Oro har, batetik bestera aldea dagoela nabarmendu arren, emakumeen jantzia 150 eta 250 euro artean osa daitekeela diote; mutilena, berriz, 100 bat euroan. Euro mordoa bada ere, diru horrekin egindako lan guztia ez dela ordaintzen adierazi dute.

Urte batetik bestera txiki gera ez dadin egunerokoan erabiltzen dena baino neurri handiagoko jantzia erosteko joera izaten da horrelakoetan. Hala ere, lehenengo urtean ez bada, bigarrengoan edota hirugarrengoan, baina gehientsuenak armairura joan eta hazteari uzten ez dioten txikitxoekin ezusteko edota atsekabea hartu ohi dute: txiki geratu da baserritar jantzia. Orduan estutasun eta zalapartak. Egun batzuk lehenago armairura edota ganbarara joanez gero, gaitzerdi, baina bada azken orduan ohartzen denik, eta horreagatik Gabon egunean bertan zabalik izaten dute denda: «Bati abarkak, besteari txapela... beti izaten da zerbait falta zaionik». Azken ordukoak irtenbideak bilatzen iaio bilakatu dira. «Guk denetik konpontzen dugu, mutilagunak eta senarrak izan ezik», esan du Bravok barrezka.

Tamaina handiko jantziak erosteko beste arrazoia azpitik jantzi mordo bat soinean hartuta ibiltzeko tartea izatea da. Gabon egunean badaki eguraldi atseginak egiten, baina hotz zakarrak eta eguraldi traketsak ere bai. Gehientsuenek ez dituzte ahaztuta izango, baserri jantzien azpitik gurasoek soinean jartzeko ohitura zuten arropa mordoa. Tipulen antzera, lehenik kamiseta, ondoren beste kamiseta, gainetik badaezpada jertsetxo hau. Oso eroso ez, baina hotzik pasatzeko beldurrik gabe behintzat. Ohitura horri buruz galdetuta Rosaurak eta Argiñek beraiek ematen duten aholkua gogora ekarri dute: «Baserritarrez janzteko, ez eranzteko esaten diegu». Gainera horrenbeste mimoz josten dituzten artilezko tokilak ere asko babesten dutela esaten dute: «Eginda etortzen direnak baino lodixeagoak egiteko ohitura dugu, eta hori egun hotzetan asko nabaritzen da» adierazi dute. Mutilen kasuan, berriz, ardi larru itxurako txalekoak eraman ohi dituzte, batez ere gaztetxoenek.

Dendan batera eta bestera begira, eta hara non, pare-parean gomazko abarka mordoa. Beltzak gehienak, baina tartean baita marroiak ere. «Jende askok larruzkoak ditu gustuko, baina hotza edota euria eginez gero ez dira batere erosoak, horregatik hasi ziren gisa honetakoak egiten, marroiak bai, baina gomazkoak», azaldu dute. Berritasuna handik eta berritasuna hemendik, horrenbesteko azkura ematen zuten galtzerdiak ere berritu ote dituzten galdetu diogu eta, hor ere, nobedadea: «Bai artilezkoak baditugu, baina bada jendea azkura ematen dutela-eta gustuko ez dituena, horregatik kotoizkoak ere saltzen hasi gara, baina beti ere artilezkoen ahalik eta antzekoenak izatea oso kontuan hartzen da».

Izan ere, Bravo eta Azkaraterentzat oinarrizkoa da tradizioari so egitea, eta usadioak ahalik eta gehien errespetatzea. «Askotan begiko mina ere ematen du baserritar jantzi dotorea soinean eta mendiko botak edota ez dakit zer itxurako zapia buruan jantzita ikusteak. Nik zera diot sevillanaz janzten diren emakumeak prestu-prestu egoten dira, ez dute xehetasun bat ere alboratzen, guk ez dugu horrelako errespeturik agertzen», azaldu dute. Janzteko orduan, alderik traketsenetako bat bada, buruko zapia, «jende askok ez du asmatzen nola ipini» eta dendara ere bertaratzen zaizkie bakarren batzuk zapia egoki jar diezaieten eskatzera. «Beste irtenbidea motots estalkiak jartzea da, soinekoarekin bat datozenak egiten ditugu, aproposak eta oso erabilterrazak dira. Hori hobe edozein zapi modu txarrean jantzita irtetea baino».

Eguberrien ostean, atseden hartzeko moduan izango diren galdegin diegu eta barreari ekin diote biek: «Urtarrilean ezkontza bat daukagu». Harrigarria badirudi ere ezkontzek gero eta lan gehiago ematen diete, tartean- tartean, baserritarrez jantzita ezkontzea erabakitzen duen bikoterik bai baita. «Neskalagunaren, mutilagunaren, aita-amabitxien jantziak eta ezkontzara gonbidatutakoren batenak ere josten aritzen gara».

Eguberrietarako, euskal jaietarako, ezkontzetarako... Egiten duten lana ez da makala, baina umorez hartzeak lagundu egiten die. Bihar, Santo Tomas Egunean, beraiek jositako jantziren bat edo beste ibiliko da kaleetan barna. Guztiei kontuz ibiltzeko gomendioa, txistorra saltsak edota kalimotxo parrastak ez dezala zapuztu horrenbeste mimoz egindako lana.

Oihalak

Koloredunak baliatzen dituzte jantziak egiteko, granateak, urdinak, grisak... Aurten morea ere erabili dute. Maiz baserritar jantziak egiteko oihal aproposak bilatzea izaten da lanik zailena jostunentzat, horregatik adi- adi izaten dira.

Tradizioak

Min eman ohi die soineko eder bat jantzi eta horrekin batera abarkak jarri beharrean mendiko oinetakoak edota zapatilak jantzita inor ikusteak. «Jantzia zapuzten da modu honetan», nabarmentzen dute.

150-250 euro

Emakumearen baserritar trajea osatzea ez da batere merkea. Aldeak daude, baina 150 eta 250 euro artean osa daiteke beharrezko diren gehigarri guztiekin. Mutilen jantzia dezente merkeagoa da eta 100 bat eurotan eros daiteke osorik.

ezkontzak

Oraindik ere gutxi batzuen aukera da, baina tartean-tartean baserritarrez jantzita ezkontzea erabakitzen dute hainbat bikotek. Horiek hala, baserritar jartziak egiten dituzten jostunak lan gehigarria dute azken boladan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo