GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAE-ANVk araugintza ekimena aurkeztu eta Aiaran ez dagokion batzarkide aulkia uzteko eskatu dio EAri

GARA |

«Alderdien Legetik etekina lortzen dutenei -EAJ, EA, EB eta Aralar taldeei- gure aulkiak hutsik utz ditzaten» ahalbidetzeko araugintza ekimena aurkeztu zuen atzo EAE-ANVk prentsaurrekoan. Zehazki, Aiara hauteskunde barrutiko kasuaren berri eman zuen, eta Eusko Alkartasunari eskatu zion ez dagokion batzarkide aulkiari uko egiteko, indar ekintzaileari botoa eman zioten 2.906 herritarrek ordezkaritza izan dezaten.

Joan den maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetan, Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi arren, EAE-ANVren zerrendak 2.906 boz eskuratu zituen Aiara aldean eta bigarren indarra izatea erdietsi zuen. Hortaz, herritarrek adierazitako borondateak batzarkide bat esleitu zion alderdi ekintzaileari.

Alderdien Legeak, ordea, EAri eman zion aulki horretan esertzeko aukera, nahiz eta eskualdeko bosgarren indarra izan zen 2.161 bozekin.

Ordezkari ekintzaileek gogora ekarri zutenez, EAk sarritan agertu du Alderdien Legearen aurkako jarrera, eta, gainera, udalerri batzuetan «lege arrotz eta inposatzaile horretatik etekin politikorik eskuratzeari uko egin dio». Horren adibide dira Araban Legutioko eta Urkabustaizko kasuak, non bertako zinegotziek lege horretaz baliatu ordez aulkiak hutsik utzi dituzten. Ondarroan, Lekeition, Getarian, Ordizian, Aretxabaletan eta bertze zenbait herritan modu berean jokatu dute.

Bilerak eta konpromisoak

EAE-ANVko batzarkide taldeak eta EAko ordezkariek batzarra egin zuten ekainaren 15ean Amurrion. Bertan, BBNNetako Barne Araudia aldatu, eta uda-letan aplikagarria den Hauteskunde Erregimen Orokorrari dagokion Lege Organikoko (LOREG) 182.2 atalaren antzeko araudi bat onartu bitartean, Batzar Nagusiak eratzeko ekainaren 20ko osoko bilkuran EAri eskatu zioten berari ez zegokion aulkia hutsik utz zezala. Keinu hori egiteari uko egin zion, baina Barne Araudia aldatzeko aukera jorratzeko prestasuna agertu zuen, baita hamar eguneko epean zirriborro bat bidaliko ziela hitz eman ere.

EAE-ANVk berak idatzi zuen azkenean zirriborroa eta EAk egokitzapenak proposatu zituen. Proposamena Gasteizko Legebiltzarrari zuzendu behar zitzaiola ere ohartarazi zuen. Orain, ekarpen horiek jasotzen dituen ekimena aurkeztu dute ekintzaileek, Legebiltzarrak Arabako BBNNetako Barne Araudia aldatu eta herritarrek hauteskundeetan azaldutako borondatea errespetatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo