Karmele Aierbe eta Marije Fullaondo (*) batasuneko mahikideak
Euskal Herri euskaldunerantz menpekotasun legerik ez
Munduko herritarren, herrien eta hizkuntz komunitateen arteko berdintasunaren printzipio unibertsalaren ondorioz, euskal herritarrok euskara Euskal Herriko hizkuntza ofizial bakarra izateko eskubidea dugu, Europako estatuen hogei hizkuntza ofizialek duten pareko ofizialtasunarekin.
Euskararen Legeak 25 urte egin ditu aurten, eta ez du balio Euskal Herria euskalduntzeko eta euskararen garapen iraunkorra bermatzeko. Espainiako Konstituzioaren menpekoa da, euskararen lurraldea zatitzen du eta ez du normalizaziorako eperik jartzen.
Konstituzioak aldebakarreko elebitasun soziala inposatzen du: gaztelania inposatzen du Euskal Herriko lau herrialdetan. Konstituzioak gaztelaniaren ofizialtasun bakarra agintzen du Espainiako eremu zabaletan, eta Legeak ez du euskararen ofizialtasun bakarra agintzen Euskal Herriko eremu bakar batean ere. Espainiak debekatu egin ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen estatutuak eta aho batez onartutako beste udal askoren ordenantzak ere.
Legeak, emaitzen aldetik begiratuta, gaztelaniaren menpeko hizkuntz politika mugatua eta baldintzatua eragin du. Aginte publikoen jarduera arautzailea eta sustapen neurriak eskasak izan dira normalizazioaren egiazko aurrerakuntza orokorra bermatzeko. Euskal Herria euskalduntzeko eta euskararen garapen iraunkorra bermatzeko behar diren minimoen azpitik gelditu da.
Helburuaren aldetik elebitasun sozialaren mitoa erabili dute Euskal Herri euskaldunaren aurka. Hizkuntz normalizazioa eta elebitasuna, jatorrian kontzeptu kontrajarriak direnak, sinonimo bihurtzen ahalegindu dira. Helburua ez da euskal herritar eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna lortzea.
Estrategiaren aldetik ez da Europako hizkuntz komunitateen berdintasunezko tratamendua bideratu: ez da euskararentzat eskatu gaztelaniak eta frantsesak, bakoitzak bere estatuan, duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera lortzea Euskal Herri osoan, maila juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan.
Aplikazioaren aldetik hiru defizit handi izan ditu: eskubide indibidualen babes eraginkorrik ez egitea, eskubide kolektiboen defentsan politika tinkorik ez erakustea eta euskalgintzarekin elkarlan eskasa bideratzea. Horrela, jendartearen bultzadak eta alor batzuetako neurri suspertzaileek hizkuntz normalizazioan behar adineko aurrerakuntza orokorra bermatuko zutela sinestea baikorregia izan da.
Euskararen berreskurapenean ahaleginak egin dira eta lorpenak ere izan dira, gehienetan herri-gogoaren bultzadak eragindakoak. Baina horrek guztiak ez du eragin euskararen normalizazio eraginkorra, bultzadak oztopoak baino urriagoak izan direlako. Hogeita bost urteren ostean, Jaurlaritzaren 2005-2009ko egitasmoak honako joera negatiboak zehazten ditu: «euskararen erabilera urria eta guztiz irregularra da», «euskaldunak bakarrik kontuan hartuz gero, euskararen erabilerak behera egin du», «1982 inguruko urteetan ez bezala, erdal elebakartasunaren aldeko diskurtsoa ari da orain gure artean zabaltzen», «ezin da euskararen geroa bermatutzat eman». Horrek esan nahi du euskara galtzeko arriskua benetakoa dela.
Lege hori ez da tresna egokia. Euskararen Legeak ez ditu euskal herritarren hizkuntz eskubideak bermatzen. Behatokiaren urtez urteko txostenek euskaldunen hizkuntz eskubideen urraketa sistematikoaren berri ematen dute.
Euskararen lege berria ezinbestekoa da. Gaztelaniaren eta euskararen arteko berdintasun formala ez da berdintasun erreala. Gaztelaniaren aldeko eredutik euskararen aldeko eredura joan behar dugu. Euskara Euskal Herri osoan hizkuntza nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa izan dadin, Espainiako eta Frantziako estatuen esku-sartzerik eta mugarik gabe.
Legeak euskararen ofizialtasun bakarra gauzatzeko eskubidea aitortu behar du Euskal Herri osoan, euskal herritarrek libre eta demokratikoki hala erabakitzen baldin badute.
Hala ere, egungo egoera ez-demokratikotik egoera horretara joateko, ezker abertzaleak iraganbiderako proposamena egiten du: euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, euskara hutsezko erabilerarekin euskaldunak %70etik gora diren udalerrietan eta eremu sozialetan. Eta gaztelania eta frantsesa ofizialkide izango dira dagozkien eremuetan. Horretarako, esparru juridiko politiko berria lortu behar da: bi autonomia, erabakitzeko eskubidearekin. Proposamen honek balio du Euskal Herria euskalduntzeko eta hizkuntz gatazka gainditzeko. Izan ere, bi hizkuntzek lurralde eta esparru sozial bera partekatzen baldin badute, bat nagusi bihurtzen da eta bestea txikitu egiten da. Komunikatzeko hizkuntza bakarra nahikoa denez, hizkuntz ekonomia dela medio, hizkuntza bat erabiliko da.
Beraz, derrigorrezkoa da menpekotasunezko harremanekin bukatzea, hizkuntzen arteko berdintasunezko harremanak eraikitzea eta hizkuntz komunitateen arteko elkartasunezko harremanak bideratzea. Euskal Herria euskalduntzeko, estatuen kultur fobiak bukatu behar du. Estatuek gaztelaniarentzat eta frantsesarentzat eskatzen dituzten bermeak ukatzen baitizkiote euskarari bere lurraldean. Hizkuntza baten euskarria bere erabilera da, eta, besteak beste, desberdintasunezko harreman horien ondorioz euskararen erabilera sozialak ez du aurrera egiten.
Lege aldaketa ezinbestekoa da. Izan ere, hizkuntzen erabilera soziala hizkuntz politikaren ondorioa da, hizkuntz politikaren oinarria ofizialtasuna da, eta ofizialtasunaren euskarria legea da.
Azken 25 urteetako emaitza eskasek eta joera negatiboak neutralizatzeko ezintasunek irlanderatze prozesua erakusten dute. Hala, hizkuntz gatazka konpontzea eta mendetako asimilazioaren injustizia gainditzea ezinezkoa da. Hizkuntz politika berriak, euskararen erabilera soziala bi erdaren menpeko egoeratik ateratzeko eta irabazpidean jartzeko, gutxieneko hauen gauzatzea bermatu behar du:
Euskara Euskal Herriko nazio hizkuntza da, herritar guztiek jakin behar dute, legeak finkatuko dituen epeetan.
Oraindanik, belaunaldi guztien euskalduntze funtzionala lortzea eta euskal curriculum nazionalarekin heztea.
Horretarako, irakasle guztiek bere lanean bi hizkuntzak erabiltzeko gai izan behar dute.
Hamar urteko epean unibertsitatearen eskaintza osoa euskaraz egitea. Horretarako, irakasleek, besteren artean, bi hizkuntzak jakin behar dituzte.
Euskaldunak %70etik gora diren udalerrietan eta esparru sozial euskaldunetan, euskararen ofizialtasun bakarra izatea euskara hutsezko erabilerarekin.
Administrazio publikoetako jarduna euskaraz izango da bost urteko epean. Langile berri guztiek bi hizkuntzak jakin behar dituzte. Eta agintzen duten politikariek bi hizkuntzak jakin behar dituzte ezarritako kuoten arabera.
Zerbitzu publiko guztiek, herritarrekin eta kontsumitzaileekin dituzten harremanetan, euskara zerbitzu-hizkuntza gisa bermatuko dute, bost urteko epean, eta euskara planak egingo dituzte lan jarduna euskalduntzeko.
Enpresa publikoek euskara zerbitzu-hizkuntza gisa bermatuko dute, urte beteko epean, eta euskara planak egingo dituzte euren lan jarduna euskalduntzeko, bost urteko epean.
Enpresa pribatuek euskara zerbitzu-hizkuntza gisa bermatuko dute legeak finkatuko dituen epeetan, eta euskara planak egingo dituzte euren lan jarduna euskalduntzeko.
Egunkariek, irratiek eta telebistek euren jardunaren erdia, gutxienez, euskaraz burutu behar dute. Eta eremuko euskaldunak %50etik gora direnean, euskarazko jarduna euskaldunen ehunekoarekin parekatuko da.
Euskarazko produktuak eta zerbitzuak sortzea eta zabaltzea, jendeak kalitatezko ingurune soziolinguistiko aberatsa euskaraz izan dezan.
Zineman, euskararen pantaila kuota eskaintzaren %20 izatea.
Udalbiltzak -Euskal Herriko erakunde nazionalak- hizkuntz politika berria gidatzea, euskararen lurraldetasun printzipioa garatzeko.
Hizkuntz eskubideen babes eraginkorra emateko Hizkuntz Bermerako Kontseilua sortzea.
Euskal Herria euskalduntzeko Kontsortzioa sortzea lurralde politikak garatzeko, eta administrazio publiko guztiek aurrekontuen %2 gutxienez erabiltzea.
(*) Artikulua Marije Fullaondoren atxiloketa gertatu aurretik jaso zuen egunkari honek.