GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

«Money is money»

1981. urterako Muammar-al-Gadafi Belcebu gorpuztua zen, Satanas, Lucifer, Txerrena, Deabrua, Barrabas, Mefistofeles bera, gizon egina

Honezkero jakin beharko nukeela esaten didazu. Bada, ez. Behin eta berriz ikusita ere, oraindik ez dut prozesatu disko gogorrean dirua izan daitekeenik garrantzitsuagoa beste edozein balore baino. Koherentzia baino gehiago esaterako, edo duintasuna, edo lotsa politikoa baino. Ezintasun kontua izango da, baina albiste batzuek beti asaldatuko naute. Bankuetxeen irabaziak esaterako. Edo jakitea posible dela munduko ume goseti guztiei urtebetez jaten ematea astebetean Iraken armetan gastatzen den diru kopuruarekin.

Ohitu beharko nintzateke, ez dut ezetzik esaten. Baina ezin. Eta ezin dena ezinezkoa da eta, gainera, ez da posible.

Edonor asaldatzeko modukoa izan da Muammar-al-Gadafi-ren bisitaren harira ikusi behar izan duguna. Hedabide guztietan luze eta zabal azaldu digute Aznarrekin afaldu duela, Rodriguez Zapaterok hitzordua eskaini diola libiarraren ordutegiari moldatuta (24 ordu eskas egon baita bisita ofizialean), segidan Juan Carlos Borbon erregearen etxera joan dela, harekin bildu, 21 ohorezko salba bota, jardinean kokatu du gamelu-ilezko jaima eta, azkenik, Ruiz Gallardon Madrileko alkateak hiriaren giltzak eman dizkiola. Giltzak eskuan, Pradoko Museoaren ateak zabaldu ahal izan ditu berarentzat astelehenean, museoa itxita egon ohi den astegunean, hain zuzen. Hori guztia, «zibilizazioaren etsairik arriskutsuenari» Reagan-en hitzetan. Business is business. Ezin sinistekoa da. Hemerotekara jotzeko gogoa ematen du.

1969an estatu kolpea burutu zuenetik, Gadafi estatubatuarren jo puntuan egon zen iragarri zituen aldaketa politikoengatik: ez zuen kanpoko estatuekiko menpekotasunik onartu, base militar iparramerikarrak eta britanikoak hustu zituen, petrolioaren dirua herritarrei helarazi zien eta konstituzio berria ezarri zuen. Hots, Chavezek hamarkada batzuk geroago egin zuenaren antzeko kontua.

1981. urterako, Muammar-al-Gadafi Belcebu gorpuztua zen, Satanas, Lucifer, Txerrena, Deabrua, Barrabas, Mefistofeles bera, gizon egina. Bost urte luzez nazioarteko prentsak sinistarazi zigun Gadafik hartutako neurriak kaltegarriak zirela «mundu askearentzat», eta 1986an Reaganek Tripoli bonbardatu zuenerako, «denok» konbentziturik geunden, ez zegoen beste irtenbiderik. «Maligno»a akabatzeko bide bakarra zen hari burua zapaltzea, sugeari bezala.

Aste honetan Gadafik 300 pertsonako segizioa eraman du Frantziara, Espainiara eta Portugalera (egiten ohi duen bezala) eta negozio gizon espainiarrei 12.000 milioi euroko gozokia jarri die muturren aurrean, petrolioak ematen dion ahalmen tzarrarekin.

Hogei urte barru Sadan Hussein-ek gauza bera egin zezakeen, 2006ko abenduaren 30ean urkatu izan ez balute. Libiak dolu ofiziala ezarri zuen Husseinengatik, agian Gadafik bere burua islatuta ikusi zuelako urkamendian, sokatik zintzilikatuta.

Deabru bera bi zorte ezberdinekin. Hussein eta Gadafi. Gadafi eta Hussein. Gadafiren jaima Europaren jardinean dago. Husseinen urkamendua edozeinek ikus dezake interneten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo