GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oier Gonzalez presoaren bikotekidea erietxera eraman dute istripua izan ostean

Eider Zuriarrain deustuarra erietxera eraman zuten atzo Euskal Herritik 350 kilometrora dagoen Muret Seysess kartzelan Oier Gonzalez mutil laguna bisitatu eta etxerako bidean istripua izan zuelako. Traumatismo kraneoentzefalikoa zuen eta behaketa pean zegoen. Juan Karlos Herradorren anaiak ere ezbeharra izan zuen Ocaña I-etik bueltan, joan den igandean. Etxeratek jakinarazi du aurten 32 senide eta lagunek izan dutela istripua sakabanaketa dela-eta.

GARA |

Oier Gonzalez Bilbatua euskal preso politikoaren neskalaguna Saint Gaudenseko ospitalean da, sakabanaketak eragindako istripua jasan ostean. Traumatismo kraneoentzefalikoa du eta behaketa pean dago. Puntuak eman dizkiote buruan eta sudurrean, baita lepokoa jarri ere zerbikaletako zaintiratua duelako.

Joan den igandean, abenduaren 16an, Juan Karlos Herradorren anaiak ere jasan zuen istripua, Ocaña Ietik etxerako bi- dean zela.

Durangoko preso politiko Oier Gonzalez Bilbatua Euskal Herritik 350 kilometro ingurura dagoen Muret Seysess kartzelan bisitatu ostean, etxerako bidean zela, sakabanaketak eragindako istripua jasan zuen atzo bere neskalagun Eider Zuriarrain deustuarrak. Ondorioz, Saint Gaudenseko ospitalera eraman zuten. Senideek bertatik jakinarazi zutenez, traumatismo kraneoentzefalikoa zuen eta behaketa pean zuten. Konortedun zegoen.

Halaber, hiru puntu jarri zizkioten buruan eta bi sudurrean. Lepokoa ere jarri behar izan zioten, lepaornoetako zaintiratua ere bazuelako sakabanaketak eragindako auto istripuaren ondorioz. Ezbeharra goizeko hamaikak eta hogei aldera izan zuen, Saint Gaudensetik 20 kilometro ingurura. Bere autoak itzulipurdia egin zuen.

Joan den igandean, berriz, Juan Karlos Herradorren anaiak jasan zuen sakabanaketak eragindako istripua, Ocaña Ietik etxerako bueltan zela. Berak ez zuen kalte fisikorik jasan; autoak, ordea, kalte material handiak ditu.

Estatuek jarritako «prezioak»

Etxerateko bozeramaileek salatu zutenez, honako istripuak espainiar eta frantziar estatuek «sakabanaketa politikarekin preso dituzten lagunenganako eta senideenganako dugun maitasunarengatik jarri dizkigu- ten prezioak dira». Izan ere, «astero-astero ehunka kilometro egitera behartuz, senide haur, gazte, heldu nahiz adinduak errepideetan hiltzera, zauritzera eta izugarrizko odoluste ekonomikoari aurre egitera kondenatzen gaituzte espainiar eta frantziar estatuak».

Bestalde, urteetan aurrera eginak daudela-eta, edo osasun arazoak dituztela-eta, behartutako kilometro horiek guztiak egin ezin dituztelako, askok eta askok ezin dituzte bi estatuek preso dituzten senideak ikusi.

Etxeratek jakinarazi zuen, batez beste, 1.400 kilometro egin behar direla joan-etorrian euskal preso politikoak bisitatzeko. «Aurten, 32 senide zein lagunek jasan dituzten 15 istripu eragin dituzte espainiar eta frantziar estatuek, astero-astero eginarazten dizkiguten kilometroen ondorioz», kritikatu zuen.

Espainiar eta frantziar estatuak euskal preso politikoak dagozkien eskubide guztien jabe izanik Euskal Herriratzera behartzeko, senide eta lagunen elkarte Etxeratek konpromisoak hartzeko deia egin zion instituzio, eragile eta norbanako orori. «Guztien konpromisoa behar dugulako, bi estatuen zigorgabetasuna amaitu eta gureak bizirik, betiko etxeratzeko bidean, oinarrizko eskubideak errespetarazteko», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo