GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hamabi euskaltzale epaitu dituzte Bilboko Auzitegian

GARA |

Bilboko Auzitegian zuten atzo hitzordua hamabi euskaltzalek. Guztiek 2005an Gernikako epaitegian egindako protesta ekitaldian parte hartu zuten, epaiketa zuten hiru pertsonen hizkuntz eskubideak ez zituztelako aintzat hartzen; protestaldi hori dela-eta, fiskalak bost hilabeteko kartzela zigorra eskatu du.

Auzipetuen hizkuntz eskubideak kontuan hartu gabe abiatu nahi zuten atzokoan ere epaiketa gaztelania hutsean. Horiek hala, auzipetuek hitza hartu eta beraien hizkuntz eskubideak erres- petatu ezean epaigela utziko zutela jakinarazi zuten. Ordubete beranduago kanpoan, auzia bera salatzeko eta auzipetuei sostengua adierazte- ko egiten ari zen elkarretaratzera batu ziren.

Gertatutakoa salatzeko «Aski da! Euskaraz!» zioten elastikoak soinean zituzten beste hamabi herritar auzitegian sartu ziren. Berehala agertu ziren ertzainak, eta guztiak identifikatu eta kanporatu zituzten «mehatxuka».

EHEk salatu zuenez, «hizkuntza arrotzetan» aritzera behartu nahi dituzte euskaldunak, eta horrela ez dute beren burua «hizkuntza propioan defendatzeko» aukerarik. «Babes-judizial eraginkorra edota defentsa-eskubidea bera urratzen ari dira. Baina haratago doa auzia; izan ere, norberaren hizkuntz eskubideen alde egiteak ere zigor penalak ekar ditzake-eta», salatu zuen.

Erakunde euskaltzalearen arabera, egun indarrean dagoen marko juridikoa eta hau oinarri izanik ehuntzen dituzten legediak, plangintzak eta proiektuak ezinbesteko katebegi bihurtu dira euskaldunek pairatzen dituzten eraso eta bazterketan. Horregatik, euskarak, Euskal Herriak eta euskal herritarrek aldaketa behar dutela uste du EHEk. «Eraldaketa behar dugu, eskumena emango diguna legedi eta hizkuntza politika berri bat eraikitzeko, gure lurralde osoan bere ofizialtasuna ekarriko duena eta euskararen normalkuntza helburu izango duena», aldarrikatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo