pilota Master Baskepensiones
Barriola: «Eugiri tanto bakoitza irabazi behar zaio»
Elkarren aurkako garaipen banarekin, bi pilotariek duten berdinketa hori hautsiko dute larunbatean Labriten
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Abel Barriola eta Patxi Eugi Master Baskepensiones BBK Txapelketako lehen finalerdietarako materiala aukeratzen ibili ziren atzo Iruñeko Labriten. Frontoi osoan buruz buru jokatuko duten hirugarren partida izango da larunbatekoa.
Orain arte, bi pilotariek garaipen bana lortu dute elkarren aurka egin dituzten norgehiagoka bietan. Beraz, asteburuan berdinketa hori hautsi eta finala nork jokatuko duen argituko da.
Lau eta Erdian txapeldunorde izandako Abel Barriola faborito gisa kantxaratuko da, Agoizkoaren kontra azken Buruz Buruko Txapelketako finalerdietako garaipena gogoan (22-11). Dena dela, Euigi tartean dagoen bakoitzean gertatzen den bezala, partida zaila izango dela nabarmendu zuen. «Eugiri tanto bakoitza irabazi behar zaio. Buruz buru oso ondo ibiltzen den pilotaria da, oso arriskutsua. Asko sufritu beharko dut irabazteko», adierazi zuen Leitzakoak.
Txapelketa berri honetara zein egoeratan iristen den argitu zuen ondoren. «Ezkerreko eskuko bigarren behatza minduta nuelako atsedena hartu eta gero, oso ondo nago orain. Nire lehen entrenamendua buruz buru atzo -herenegun- egin nuen eta pozik geratu nintzen», azaldu zuen atzelari nafarrak.
Masterrari buruzko iritzia ere galdetu zitzaion. «Oso txapelketa erakargarria da, goi mailako parte hartzaileekin. Binakakoaren atarian buruz buruko txapelketa bat antolatzeak gure prestaketa lanean geldiunea ekartzen du. Baina ez dago inolako arazorik. Profesionalak gara eta oso gustura arituko gara. Hori bai, horrek ez du kentzen nire prestaketa Binakakoari begira izatea, denboraldiko helburuetako bat baita», erantsi zuen.
Patxi Eugik ere gogotsu dagoela aipatu zuen, are gehiago Patxi Ruizi irabazi eta gero. «Konfidantza gehiagorekin nago eta beste kanporaketa bat pasatzeko ilusioa dut», esan zuen, eta aurrean arerio gogorra izango duela aitortu zuen. «Bere sakearekin eta bi paretekin kontuz ibili beharko dut. Piloteoa dominatzeaz gain, tantoa bukatu beharko dut, Barriola oso arriskutsua baita bestela», esan zuen.
Aukeratutako materialari dagokionez, Eugik 105 eta 105,5 gramoko bi Punpa aukeratu zituen. Barriolak, ordea, 104,6 eta 104 gramoko bi Cipri. «Abelen materiala nirea baino biziagoa da eta, agian, bere pilotetako bat azkarragoa da», azaldu zuen Agoizko pilotariak.