«Hor al zaude?» lanarekin estreinatuko da Apaolaza zuzendari lanetan
Komedia eta suspensea uztartzen ditu «Hor al zaude?» lanak. Abiapuntua elkarrekin bizitzera joandako bikote gaztea da; Ane eta Patxi. Orduan hasten dira zalantzak; «Hor al zaude benetan? Ulertzen al nauzu benetan? Elkar ezagutzen al dugu benetan?...». Joseba Apaolazak zuzentzen duen lehen antzezlana da, eta datorren astean estreinatuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Ainhoa Aierbe, Asier Hormaza eta Aitor Gabilondo dira antzezleak.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Joseba Apaolazak «erditzear» dagoela esan du urduri antzean. Izan ere, egun gutxi barru zuzendari moduan estreinatuko da «Hor al zaude?» izeneko antzezlanarekin. «Erditu aurreko uzkurdurekin gaude orain, hankak zabalik eta epidurala hartu ala ez erabaki beharrean», esan du txantxetan. «Erronka bat da. Guk aktore bezala baditugu pilatutako hainbat arte-baliabide, teorian behintzat interpretazioaren inguruan zerbait ikasi dugula suposatzen da; orain zailena dator, izan ere, gauza bat da jakinduria pilatzea, eta beste bat jakinduria hori ondo erabili eta etekina ateratzea», esan du zuzendari lanaren gainean.
Kanpingagsen azken ekoizpen honek komedia eta suspensea uztartzen ditu, eta abenduaren 27, 28, 29 eta 3oan eskainiko dute euskarazko antzezlana Donostiako Antzoki Zaharrean. Taldea entsegu lanetan ari da buru- belarri egun hauetan, «komedia sentimental» honen estreinaldia prestatzen.
Berrikuntza ugari eskaintzen ditu lanak Apaolazaren hitzetan: «Obrak berez baditu hainbat ezusteko garrantzitsu, batetik obraren argumentuari berari dagokionez, eta bestetik estiloari erreparatuta. Nondik norakoak aipatzean, aurreratu dezakegun guztia abiapuntuari dagokio». Zuzendariak aipatzen duen abiapuntua etxebizitza batera iritsi berria den bikote batea da. «Bikote honek etxebizitza honetan ikustezina den pertsonaia bat aurkitzen du. Eta oraingoz hori aurreratu dezakedan guztia», esan du Apaolazak.
«Metafora existentzial» bezala ere aurkezten du zuzendariak antzezlana; hau da, bikote batek lehendik ere elkar ezagutu arren elkarrekin bizitzera joandakoan hainbat galdera planteatu ohi dira: «`Hor al zaude?' galdera behin eta berriz errepikatzeak ere metafora exitentzial horretara garamatza; hor al zaude benetan?, ulertzen al nauzu benetan?, elkar ezagutzen al dugu benetan?, zeinen ardura da norberaren zoriontasuna?...». Hau guztia gorpuzteko ardura hiru aktoreek dute; Asier Hormazak, Aitor Gabilondok eta Ainhoa Aierbek. Lehendabiziko biek hala ere, pertsonaia bera antzeztuko dute, Patxi; Hormazak 27ko eta 28ko emanaldietan egingo du lan, eta Gabilondok 29ko eta 30eko saioetan. «Enpresak hasiera-hasieratik Asier Hormazak beste eginbehar batzuengatik zituen agenda arazoak zirela-eta, pertsonaia bakarrarentzat bi aktoreekin lan egitea erabaki zuen. Eromena izan da, oso zaila da horrelako zerbait egitea, bakoitzak badu eta bere lan egiteko modu propioa», argitu du. Zentzu honetan «Hor al zaude?» obran bitxikeria gehiago ere badaude: «hiru paper dira, nahiz eta Martin pertsonaia ikustezina kontuan hartuta lau pertsonaia izan. Aneren eta Nekaneren paperak Ainhoa Aierbek egiten ditu».
Horiek hala, antzezlanaren protagonistak berez, Patxi eta Ane dira. Etxez aldatu den bikote gaztea da. Patxi magoa da ogibidez eta bere amarekin harreman oso estua du. Aneri berriz, oftalmologia ikasketak bukatzeko 10 ikasgai geratzen zaizkio. Neska aldartetsua da; umore aldaketa asko dituena. Nekane da hirugarren pertsonaia, mago laguntzaile izateko elkarrizketara joan dena. Azken pertsonaia ikustezina da, Martin, «handia da eta bera ikusteko begiak ondo okertu behar dira. Hiru dimentsiotako jokoa egin behar da begiak okertuz Martinen silueta ikusteko», dio Apaolazak.
Javier Daulte argentinarra
Obraren egilea Javier Daulte argentinarra da, zuzendariaren hitzetan «erreferentziazko dramaturgo» bilakatzeko bidean dena. «Batez ere galderak planteatzen dituen dramaturgoa da. Kontzientzia suspertzaile bat da. Berak ez du inoiz mezu argi bakar bat duen lanik planteatzen, edota eduki edo irakurketa politiko zehatz bat duenik ere. Bere konpromisoak ekintza teatralean oinarritzen da; hau da, berak ekintza teatrala joku moduan hartzen du», argitu du.
Euskarari dagokionez, «erregistro desberdinak» erabiltzen saiatu direla esan du Apaolazak, horregatik Patxik bizkaitarrez egiten du, Anek gipuzkeraz eta Martinekin hitz egiterakoan euskara batuaz egiten dute. Bizilagunari gazteleraz egiten diote.