GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

OLENTZERO HENDAIAN

Auzolanean, hain berea dena kalean nagusitzeko

Gaur gauean Olentzerok Euskal Herriko makina bat etxe bisitatuko ditu, hala hobe gainera. Baina egunean zehar ere present egongo da hainbat herritako kaleetan, Hendaian, esate baterako. Bidasoaldeko herrian 1947ko abenduan Gaztelu-Zahar koralak lehen urratsa eman zuen. Egun hainbat elkarte ari dira buru-belarri Olentzeroren sua hauspotzen.

p008_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Duela 6o urte Hendaiako kaleek Olentzero hartu zuten. Andoni Etxarrik ondo gogoan du egun hura. Lau urte zituen orduan berak eta Olentzeroz jantzirik agertu zen herriaren aurrean, pipa ahoan, abarkak ondo lotuta oinetan, txapela buruan, bakailaua alboan... Olentzero peto-petoa.

Urte asko pasa dira ordutik, baina ez du berehala ahaztuko egun hura. Gustura erakusten du atera zioten argazki bakarra han eta hemen. Gogoan dauka gainera, ondoren nola esan ohi zioten «jesus ttikia» kaletik zihoanean, «askok ez zeukaten idearik ere Olentzero zer zen». Gaztelu-Zahar koralak bultzatu zuen ekimena, eta Andoni elkarteko kide baten semea izaki aukeratu zuten leku hori har zezan. Ondoren leku bera bete zuten bere anaiak, bere lehengusuak eta herriko mutiko ugarik; izan ere, eta apalago edota indartsuago, Olentzero presente egon da Hendaiako kaleetan ordutik.

Egun Gaztelu-Zaharrek ez ezik beste hainbat elkartek ere egiten dute lan, «hain berea» sentitzen duten pertsonaia sasoi honetan kaleetan eta jendearen sentimenduetan egon dadin. Elkarte horietako kideekin bildu da GARA, egin duten, egiten ari diren eta egiteko asmoa duten lanaren berri izateko.

Ilunabarrean egin dugu zita beraiekin: Ba-leak elkarteko Mare Bissie, Txema Egiguren, eta Robert Arranbiderekin; Gaztelu Zaharreko Andole Lazabalekin; eta Akelarre kultur elkarteko Jean-Pierre Artola eta Xabien Manterolarekin. Udaletxearen parean, Hendaian eta inguruko beste hainbat herritan bizi duten paradoxarekin egiten dute topo. Balkoiaren ertz batean Olentzero, txapela, alkandora, abarkak... Beste alboan, berriz, Papa Noel, jantzi gorri-gorriekin. Den-denak gustura uzteko modua, edota guztiak disgustura uztekoa.

Jakin badakite eta ondo nabarmentzen dute Olentzero Bidasoaldeko pertsonaia dela, «eta Hendaia Bidasoa izanik, hemen ere ezaguna zen aspalditik». Baina iragan mendean izandako gudek, eta ondoren «eskola frantsesari eman zitzaion aupadak» apalarazi zuten «euskal kulturarekiko oro har, eta zehazki sinbolo honekiko atxikimentua». Horregatik, hain zuzen, Olentzero kalera ateratzeko asmoz hasi ziren 1947. urtean Gaztelu-Zahar elkartekoak lanean, berriz ere, hendaiarren buru-bihotzetara indarra har zezan.

Elkarte honen eta lan honetan bidelagun gisa elkartu zaizkion elkarteen xedea gaur egun Olentzero ezagutzera ematea, bere historia ezagutaraztea eta betikotzea da.

Horrelaxe aitotzen dute batak eta besteak. «Hendaia bidasotarra da eta oinarrizkoa da hendaiarrek Olentzero bere sinbolo bezala hartzea; beste sinbolo batzuk badira Hendaian eta horien parekoa izan behar du Olentzerok», adierazi du Andole Larzabalek. Albotik, Robert Arranbidek antzinako testuak erakusten ditu, hainbat ikertzailek aipatua baitute Olentzeroren ospakizuna inguru hauetan.

Mintzo dira herritarrek egin beharreko lanaz ere: «Nik uste dut hor magia bat badagoela, mezu bat badela eta aldarrikapen nagusi bat bada, hori Olentzero bizirik dagoela da, bai sinismenean, bai majia horretan, bai su berriaren inguruko balore horietan, eta uste dut Olentzero bizi bada guri dagokigula bizia ematea alor ezberdinetan».

Gisa honetan, arituaren arituaz, urteen poderioz Eguberrietan Olentzero presenteago egotea lortu dute, haurrek ezagutu eta maita dezaten lagundu dute, baina oraindik orain egiteko asko dago. Hain zuzen, azken urteetako jarduna eta Olentzeroren sua hauspotu nahi izan dute aurten.

Eremu ugaritan egiten dute lan, baina garrantzizkoena eskolan eta haurrekin egiten duten lana da. Baleak elkarteko kide Txema Egigurenek aurrerapausoak izan direla nabarmendu du. «Orain zazpi urte hasi ginen lanean eskoletan Olentzero gizarteratzeko: Lehendabiziko urteetan arrotza zen. Egun eskola guztietara joaten gara, Biriatukora ere bai, eta oso harrera ona egiten digute; gizarteratze bidean gaudela ikusten dugu». Hala, eskoletan jada Olentzero ospatzen da eta ez Papa Noel.

Esku hartzeko eremurik zailena merkataritzarena dela ohartarazten dute. «Kontsumo gizartean bete-betean gaude, eta nahiz eta guk Olentzeroren irudia eraman eta jartzeko esan, kasurik gehienetan denda atontzeko orduan Papa Noelen pertsonaia baliatzen dute, lehia komertzialak irabazten du».

Gabonen harira antolatzen diren ekimenen artean dago, gaur iluntzean egingo dutena. Zazpiak hamar gutxitan jarria dute zita, non eta Olentzeroren txabolan. Izan ere, udaletxean jarritakoaz gain, metro gutxira kokatua dago beste irudi bat, baina honek zerbait ezaugarri badu handitasuna da. Urte askoan egin duten bezala bihar ere bi kantu ezagun abestuko dituzte: «Olentzero bidasoatarra» eta «Hator, hator mutil etxera». Baina bada berritasunik, hainbat taldek abestuko baitute ondoren, ekitaldia bera abe- rasteko.

Akelarre kultur elkarteko kide Jean-Pierre Artolak honakoa dio: «Hendaian euskal kultura aintzinatzen ari da eta Olentzero ere bai. Abenduaren 24an ez gara milaka batzen kantuak abesteko, baina bada jendea, eta askorentzat elkargune bilakatu da, erreferentzia. Hobeto ere egon gintezke baino askoz okerrago ere egon gara».

Hori hala sinistuta, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko asmo sendoa agertzen dute elkarteetako kideek, herritarrei, merkatariei eta instituzioei Olentzero ezagutzera eman dezaten akuilu lana egiten «burugogor»; baina beraiena ez ezik, etxeetan, familian edo lagunartean egin beharreko lana dela uste dute denek, eta lehen pauso gisa gaurko egunean gonbita egin diete herritarrei kalera irten daitezen eta Olentzeroren kantuak abes ditzaten.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo