GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Lost in Bilbao, aisia eta artea uztartzen dituen telebista

Hiru hilabete besterik ez daramate Interneten, baina dagoeneko Lost in Bilbao telebistako kideak oso pozik daude lortutako emaitzekin. Kulturak eta aisialdiak bat egiten dute Bilboko telebista honetan astero eskaintzen dituzten sei erreportajeetan.

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Bilboko kultura eta aisialdia ezagutarazteko sortu zen duela hiru hilabete Lost in Bilbao telebista digitala. Internet bidez ikus daiteke www.lostinbilbao.tv helbidean. Aipatutako helburua lortzeko bertako artistek, disenatzaileek, musikariek, argazkilariek, antzezleek eta margolariek gauzatzen dituzten egitasmoen berri ematen dute. Bilboko artistek leku handiagoa hartzen badute ere, Euskal Herriko nahiz kanpoko artistek ere badute beren txokoa telebista honen emankizunetan. Gainera, ezagunak ez diren artistak ere hedabide honetan beren lana erakusteko aukera dute, web-gunean sartu eta haiekin harremanetan ipini besterik ez dute egin behar.

Lau kidek osatuta dago Lost in Bilbao telebista eta astero gai ezberdinei buruzko erreportajeak eskaintzen dituzte, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere. Aurkezlea Libe Otegui da eta beste hiru kideek kamera atzean dihardute lanean. Guztientzat ilusioz betetako proiektua izan da, Interneten horrelako proiektu batean lan egiten duten lehenengo aldia delako eta horrek orain arte ezezagunak ziren arloak ezagutarazi dizkielako, diseinu multimedia, esate baterako.

Urte berriak berrikuntzak ekarriko ditu, izan ere, urtarriletik aurrera Gasteiz eta Donostiaren inguruko programa jarriko dute martxan. Honez gainera, elkarrizketa eta erreportajeez sail berria irekitzeko asmoa dute eta proiektua ekonomikoki aurrera ateratzeko babesleak bilatzen ere saiatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo