GARA > Idatzia > Editoriala

Guztion eskubideak dituzte preso

Etxerat elkarteak 2007ko balantzea aurkeztu berri du eta amaitzear dugun urtean euskal preso politikoen egoerak okerrera egin duela nabarmendu dute txosten horretan. Gabonetan itxialdia egingo dute presoen senideek eta lagunek Artzai Onean, eta gizarte eragile ezberdinak gonbidatu dituzte itxialdian zehar 710 euskal herritarrek pairatzen duten etengabeko jazarpenaren berri izateko Donostiako katedralera hurbil daitezen.

Etxeratek zabaldu dituen datuak ezin larriagoak dira: egun 710 preso daude, horietatik 170ek kalean beharko lukete, ezarritako zigorren 3/4ak (2/3ak Estatu frantsesean) beteta baitituzte. Halere, zigorra beteta izan arren 17 euskal herritar «bahiturik» dituzte, eta hainbat kasutan 30 urteko kartzelaldia egin arte ez dituztela askatuko ohartarazi dute. Dagoeneko, 41 euskal presok 20 eta 27 urte bitartean daramatzate giltzapean.

Horiek guztiak aintzat hartuta, azken urteotan euskal preso politikoei ezarritako ezohiko neurriak bat datoz estatu biek euskal independentismoaren aurka abiaturiko politika suntsitzailearekin. Edonola ere, bai kartzelan, bai kalean martxan jarritako eskubideen aurkako oldarraldiak euskal auziaren izaera politikoa inoiz baino ageriago utzi du. Euskal presoek pairatzen dituzten gehiegikeriak salatuz, euskal herritar guztioi dagozkigun eskubideak defendatzen ditugula nabarmendu behar dugu, finean herri honek bakean eta demokrazian bizitzeko duen eskubidea baitute preso.

Beren ideiei uko egin ezean ez dituztela askatuko esan diete espainiar epaitegiek gaixotasun sendaezinak dituzten 12 presori. Estatu batek ez du bere sendotasuna adierazten tamainako krudelkeriaz arituta. Alderantziz, azken hamarkada hauetan euskal presoak suntsitzeko erabilitako neurrien porrota besterik ez du erakusten. Kartzelan zein kalean etsipena zabaltzeko asmoa badute ere, ezohiko neurriek euskal gizarteak bere baitan duen elkartasun indarra areagotzeko besterik ez dute lortuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo