GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Istinga eta iturria

Nire ezagupidea jota kontuetan hutsaren pare-parekoa ez izatea, behin entzun nuenean betiko oroimenean geratu zitzaidanari zor diot: «No se puede comparar un charco con una fuente; sale el sol se seca el charco y la fuente permanece». Esapidearen bitxiagatik geratuko zitzaidala hain gogoan pentsatzen nuen garai batean; baina gerora ohartu naiz jasotzen duen egia trinkoagatik, ideiaren zorroztasunagatik izango dela. Zaila baita biribilago esatea: zenbait gauza ezin dira konparatu... axalean eduki dezaketen antzaren azpian datzan ezberdintasun ikaragarria aurkitu nahi ez baduzu.

Ia batera argitaratu direnez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko hiru epailek 18/98 auziari buruz eman duten sententzia eta Ipar Irlandako Weir epaileak Omagh-eko hilketagatik eta beste hainbat ekintzengatik Sean Hoey-ren aurkako auzian eman duena elkarren ondoan ikusi ditudanean bururatu zait berriro jota. Hobe ez konparatzea... kasu bietan justizia, zuzenbide estatua eta abarrak berdin aditzen eta aplikatzen direla sinetsi nahi baduzu. Istinga eta iturria.

Bi epai horien arteko aldea, gutxi gorabehera, bakoitzaren luzeraren alderantzizko proportzioan dagoela esango nuke: 1.028 orrialde ditu Espainiakoak; 28 ditu Weir epailearenak, 65 paragrafotan banatuta. Lehenengoaz, hamaika iruzkin egin eta entzun dugu egunotan, lanbidez derrigortuta daudenek izan ezik beste inork ebazpenaren hitz-jario aurredeliberatua osorik irakurtzea ez duela lortuko ia ziur nagoen arren. Aldiz, neure ingeles maila hutsalarekin ere, Weirrena osorik irakurtzeko gauza izan naiz. Merezi baitu. Auzipetuaren aurkako karguak zehaztu bezain pronto ekiten dio epaileak mamiari: sententziaren hiru laurden, Ipar Irlandako Poliziak DNA probak egiteko erabili duen LCN-Low Copy Number teknikaren baliagarritasuna aztertzen ematen ditu. «Autopsia egiten» diola esatea zuzenagoa litzateke, agian, aurrerantzean hilotza baino asko gehiago ez baita izango teknika hori, eta hala ulertu dute Erresuma Batuko esparru gehienetan. «Gatz-ale baten milioirena baino gutxiagoko DNA laginekin» funtzionatzen omen duen horretan... erabiltzen duena baino milioi bat aldiz zorroztasun gehiago erabili beharko duela probak hartu, aztertu eta balioztatzerakoan, esaten dio Weirrek Poliziari.

Luze egingo zitzaien batzuei Weirren folio bakanen irakurketa. Haien amaierako oharra baizik ez dirudiena, Sean Hoeyren absoluzioa, entzun gabe ateratakorik izango zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo