Izena duen guztia bada olentzeroren baso magikoan
Gabonak gainean genituela eta, berandu baino lehen Izenaduba basora joatea otu zitzaigun, Olentzerori bisita egin eta GARA egunkariko eskariak dituen gutuna bertan uzteko asmoz, datorren asteartean opariak jasotzeko irrikaz.
Anartz BILBAO
Abenduaren 4an ireki zutenetik jendez gainezka dago egunero Olentzeroren etxea Mungian. Euskal Mitologiaren parke tematiko gisa antolatua, Olentzero eta haurrak dira bertako protagonistak egunotan, ez gaude alferrik Gabon garaian.
Bertara inguratu orduko umeak aurkitu ditugu kanpoan, Olentzeroren kanta abesten. Arratsaldea da, eta goiza ikastetxeek betetzen badute, familiak dira orain nagusi, kotxetxoetan diren haurrak eta pixka bat nagusitxoagoak diren umeen atzetik korrika dabiltzan gurasoek osatzen duten talde zaratatsua. Gehienez 25 laguneko taldetan antolatuta ordu erdiro ateratzen dira bisitak sarreratik goraxeago dagoen Landetxo Goikora, eta dagoeneko osatu da gurea. Noiz irtengo zain, kafetxo bat hartu dugu, sarreran taberna ere egokitu baitute, gurasoentzat.
Taldearekin bat egin aurretik, Aitziber aurkitu dugu sarreran eta berak eman dizkigu baserri berriztuaren gaineko azalpenak, jator. Kontatu digunez, eskatuz gero badago bisitaldia ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz egiteko aukera, baina egun bisitaldien %90 euskaraz izaten da. Horretarako, euskara ez dakiten gurasoentzako audiogidak jarri ditu antolakuntzak, horiek ere azalpenak uler ditzaten eta `hogei euskaldun eta erdaldun bat=hogeita bat erdaldun' ekuazioarekin apurtzeko, umeek ez baitaukate inolako ulermen arazorik.
Bisitaldia hasi dugu ondoren. Manexen taldea egokitu zaigu guri. Aurrean doaz umeak, protagonismoa nori dagokion argi utziz, eta atzerago gurasoak. Manexek goxotasun handiz hitz egiten du txikiekin, beraien arteko konplizitatea lortu nahian. Baserri barruan Olentzeroren subila enborrak argitzen du beheko sua, eta bertako laratzetik zintzilik dagoen eltzean utzi dugu guk gutuna. Olentzerok egin digu bertan harrera, eta laguntzaileak aurkeztu, Mari Domingi, Pintxon txoria, Galtzagorriak...
Olentzerok egindako harrera beroaren ostean, pantaila erraldoietan Galtzagorriak harrapatzen jolastu gara, eta ikazkinaren txondorra ere ezagutu dugu. Bertan, katagorri eta perretxiko artean, pilotak harrapatu eta otarrean gorde ditugu. Landetxo Goikoa baserri magikoa dugunez, zuhaitz bat du barruan eta goiko solairura igo gara gero, adarrak eta hostoak dauden tokira. Hemen prozedura errepikatzen da. Tarteka Olentzerok lagunak aurkeztu eta eginbeharrak zehazten dizkigu lauzpabost minutuko bideoan eta gero, jolasera. Adarretan, tximeleta eta txori artean, animalien hotsak identifikatu ditugu pantailan eta hauen laguntzarekin Olentzeroren kantua abestu dugu, oiloak kukurrukuka, txakurrak zaunka, behiak marruka, astoak arrantzaka...
Sotora jaitsi gara ondoren. Zuhaitzaren sustraiak daude bertan, kobazulo heze baten itxura duen gela honetan. Mari Domingik agurtu gaitu hemen, eta ipuin bat kontatuz Peruk jentilei txerria eta batez ere garia nola ebatsi zien azaldu digu. Dagoeneko ordubete baino gehiego da bertaratu garela, eta batek baino gehiagok arreta galduta, nahiago du han eta hemen saltoka ibili. Manexek umeei azalpenak emateaz gain argibideak ematen dizkie guraso erdaldunei, audiogidetan zapaldu beharreko zenbakia zein den esanez eta taldea batetik bestera gidatuz. Umeek, noski, dena ezagutu, ikusi, ukitu eta aztertu nahi dute, Olentzerorekin hitz egiten dute eta dagoeneko urduritu dituzte gurasoak: etorri hona, egon geldi hor, kontuz!
Baserria atzean utzi eta lorategira atera gara ondoren, pertsonaia mitologiko gehiago ezagutzera. Iluntzen hasia da eta hotz egiten duen arren, ez dago txikitxo hauek kikiltzerik. Jentilen hizki-zopan saltoka aritu gara aurrena, kili-kolo dauden harlauzak baztertu eta «Jentilaren izen magikoa» aurkitu nahian. Mariren kobazuloan murgildu gara ondoren. Mari Domingik bideoan azaldu digun bezala, sartu garen moduan atera gara leizetik, atzeraka.
Mariri agur esan ondoren Tartalo begibakarraren etxea ikusi dugu haritz sakratuaren gainean eta bertara hurbildu gara. Txirrista bat du Tartalok zuhaitzetik jaisteko eta ume guztiek probatu nahi izan dute, aspertu diren arte. Parkearen erdian baseliza baten erreplika ere badago, eta bertan sartu dira haurrak. Eraikina pilota txikiz beteta aurkitu dute, eta pilota txiki horiek botatzeko jaurtigailuz. Batzuk horretan dauden bitartean aitatxorekin baselizako kanpaia jotzen ari dira bi neskato. Oraindik makina bat joko eta jolas gelditzen zaizkigun arren, arratsaldea aurrera doala-eta, gertu dugu bukaera. Sarrerarako bidea hartu dugu eta kontu handiz ibili gara Basajaunen labirintoan ez galtzeko.
Badira bi ordu luze jolasean hasi garela eta haurrak sarrerarantz abiatzen diren bitartean heldu batzuk baserrira garamatza berriro Manexek. XVI. mendean eraiki zen Landetxo Goikoari buruzko azalpenak eman dizkigu, Bizkaian egun dagoen baserririk zaharrena baita. Ia iltzerik gabe eraikitako zurezko ormak, tximinia erraldoia, izterra molde gisa erabiliz egindako teilak, haritz sendoz egindako habeak eta egur polikromatua, merezi du benetan etxearen ezaugarriak ezagutzea.
Areto batean Olentzeroren mitoak izandako bilakaera ere antzeman dezakegu. Lehen Manexek haurrei esan dien moduan, tokian tokiko arropak jantzita eta ohitura ezberdinei kasu eginez agertu ohi da Olentzero Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Hemen, panelez panel ikus dezakegu Olentzeroren bilakaera, izaki beldurgarria eta begiz betea izatetik maitagarria izateraino, ikazkin itxurako nekazari izatetik opariz betetako gizonkote izatera eta abar.
Beste herrialdeetako Gabonetako ohituren berri ere ematen zaigu baserrian, paneletako irudien bitartez. Horrela, Sobietar Batasuneko Ded Moroz, Italiako La Befana, Suiza eta Austriako Chirstkind edo Kataluniako Caga Tio ezagutzeko parada izan dugu, beraien herrietako haurren lagun.
Sentsazioz betetako arratsaldea bukatu delakoan, sarrerara heldu gara. Gure harridurarako, haurren barre algarak entzun ditugu eta oraindik azken sorpresa bat falta zaigula esan digu Manexek. 3D-ko simulagailu arrakastatsua. Bost minutuko bidaia zirraragarria egin dugu bertan, betaurreko bereziak jantzi eta gerrikoa ondo estutu ondoren. Dakizuenez, erortzen zaizkigun haginak teilatura bota eta Mari Teiletakok hartu ohi ditu. Alta, bidaiaren hasieran hagina lapurtzen dio Galtzagorri batek Mari Teiletakori, eta honek, magia erabiliz gu txikitu ostean, bere lepo gainera igo eta Galtzagorria harrapatzen laguntzeko eskatzen digu. Horrela, 3D simulagailuari esker etxean zehar hegan joango gara, batetik bestera, algaraka eta oihuka. Bukaeran, gure aurrean jarrita dagoen umeak argi eskatu dio aitari: berriro, berriro!
Bi ordu eta erdi luze gustura igaro ondoren irten gara Olentzeroren etxetik. Sarreran baina, Amaiarekin hitz egin dugu. Txartelak saltzeaz arduratzen da bera, lankideekin batera. Irribarretsu, parkea ireki zenetik gainezka dabiltzala kontatu digu. Gasteizko ikastetxe bat izan zuten aurreneko bezeroa eta Donostiatik etorritako familiak lehen asteburuko protagonista. Olentzero horren ezaguna ez duten etorkin elkarteak ere izan dira bertan. Baita behar bereziak dituzten gor-mutu edo ezindu psikiko taldeak ere. Denok dugu zer ikasi eta zer gozatu Izenaduba basoan.
Urte osoan zehar dago zabalik parkea eta Gabonen ostean helduko dira Inauteriak, San Juan sua eta beste data esanguratsuak ere.
Landetxo Goikoa 1510 inguruan eraikitako baserri ederra dugu, iaz berritu zutena. Euskal Herrian ezagutzen diren baserri zaharrenetarikoa da eta baserria bera ikuste hutsak –egur polikromatu, tximinia erraldoi eta haritzez egindako habetzarrak– merezi du bisitaldia. Gainera, baserriaren eraikuntza eta bertako bizimoduari buruzko azalpenak ere jaso ditzakegu bertan: beheko suaren garrantzia, bihitegia non zegoen, teilak nola egiten zituzten, nola aprobetxatzen zuten kea eltxoak hil eta elikagaiak lehortzeko, gizakiak eta animaliak bananduta zeudela etxebizitzan bertan... haurrek Olentzeroren magiarekin gozatzen duten bitartean.
Hiru solairutan banatuta dagoen baserria du aterpe Olentzerok. Barrualdea, azken teknologiez hornituta dago eta joko elkarreragileak eta ikus-entzunezko edukiak ere aurki ditzakegu.
Gutxi balitz, lorategian 6.000 metro karratu eta bederatzi gune ditugu, euskal mitologiako pertsonaiekin jolasean jarraitu ahal izateko. A. BILBAO