Unai Gonzalez preso gasteiztarraren senideek istripu larria izan dute
Espetxe politikak eragiten duen errealitate gordina datu zehatzekin islatzea zaila da; larunbatean bertan Etxerat elkarteak 2007ko balantzea egin eta hainbat datu aditzera eman bezain laster datuok aldatu egin baitziren beste auto-istripu baten ondorioz. Teruelen espetxeratua duten Gasteizko Unai Gonzalezen lau senidek Errioxako Alfaron istripua izan eta ospitalera eraman behar izan zituzten. Gonzalezen emaztea eta amaginarreba oraindik ospitalean dira.
Gari MUJIKA |
Donostiako Artzai Onean itxialdian diren senideek zorigaiztoko albiste baten berri izan zuten larunbatean bertan, Etxerat elkartea itxialdian dela aditzera eman eta minutu eskasetara: Gasteizko Unai Gonzalez preso politikoaren gurasoek, emaz- teak eta amaginarrebak, sakabanaketa politikaren ondorioz, errepidean istripua izan baitzuten Teruelgo espetxera bisita egitera zihozenean; emaztea eta amaginarreba Txagorritxuko ospitalean dira, behaketan.
Estatu espainolaren eta frantsesaren espetxe politikek aurtengoan, 2007an, Euskal Herriari eta bere herritarrei utzitako emaitza «krudelak» ezagutarazi bezain laster, Etxerat elkarteko kideek abiarazi duten itxialdiaren garrantzia are gehiago nabarmendu zuen arrazoi tamalgarri bat ezagutu zuten Artzai Onean bertan, larunbat eguerdian; hala, aurtengoan dispertsioak eragindako istripuak izan dituztenen kopurua, 32 lagunetatik 36ra aldatu zen minutu eskasetan.
Euskal Herritik 500 kilometrotara dagoen Teruelgo espetxera zihoazen Unai Gonzalez gasteiztarraren senideak, bisita egiteko asmoz. Gasteizko preso politikoa bisitatzera zihoazela, Gonzalezen gurasoek, emazteak eta amaginarrebak auto-istripu larria izan zuten Errioxako Alfaroko autobidean, 11.00ak aldera. Aurretik zihoan kamioi bat errepide erdian gurutzatuta gelditu zen eta, ondorioz, atzetik zihoazen hainbat autok istripua izan zuten; tartean Gonzalezen senideek, Etxerat-ek adierazi bezala.
Istripua, Errioxako Alfaron
Aipatzekoa da, Alfaron gertatutako auto-istripuan bi pertsona zendu zirela eta makina bat lagun ospitalera eraman behar izan zituztela jasotako kolpeen ondorioz.
Auto-istripuaren ondorioz Gonzalezen lau senideak ospitalera eraman zituzten. Larunbatean bertan jaso zuten ospitaleko alta Gasteizko presoaren aitak eta amak, baina emazteak eta amaginarrebak, aldiz, ospitalean jarraitzen dute oraindik, behaketa gelan. Gasteizko Txagorritxu erietxean daude Gonzalezen emaztea eta amaginarreba; biek ala biek, gorputz osoan kolpeak dituzte, eta amaginarrebak orno bat ere hautsita dauka.
Hogeita lau ordu eskasetan, Etxerat elkarteak Artzai Onean aditzera emandako balantzeko datuak aldatu egin ziren. Beti ere, estatuen espetxe politikek eragindako datu «krudelak». Hain justu, euskal errepresaliatu politikoek eta beren senideek bizi duten «errealitate gordinak» bultzatuta ekin baitiote hainbat senidek itxialdiari Donostiako Artzai Onean. Ondorio garbia atera du Etxerat-ek estatuen espetxe politiken aplikaziotik: «Estatu espainola eta frantsesa gure senide errepresaliatu politikoak gaixotasun fisiko nahiz psikiko larriak jasatera eta beren buruaz beste egitera bultzatzen ari dira eta gu berriz, errepideetan hiltzera, edo larriki zauritzera». 2007an guztira 36 izan dira istripua izan duten pertsonak.
Euskal preso politikoek eta beren senideek bizi duten egoera latzaren berri eman, salaketa egin eta egoera iraultzeari begira konpromisoak lortu nahi ditu Etxerat-ek. Artzai Oneko itxialdia ere horretarako baliatu nahi dute; bertan alderdiekin, eragileekin eta instituzioetako agintariekin bilkurak egitea aurreikusi dute. Gonbidapenak, behinik behin, eginak dituzte, eta bertan daude zain senideak.
Gabon kantak abestuz
Baina Donostiako itxialdiaz harago, euskal preso politikoen eskubideen defentsan konpromisoak eskuratzen herriz herri arituko direla gaineratu dute.
Hala, atzokoan, duela makina bat urtetik hona igandero-igandero Martuteneko espetxean protesta egiten duten herritarrekin bat egin zuten Artzai Onean itxialdian diren lagunen hainbat ordezkarik. Polentxi Goikoetxea Etxerat-eko kidea ere Martutenen izan zen, eta berak eman zuen Gasteizko preso politikoaren senideek izandako istripuaren berri.
Eguerdiko hamabietan hasi eta ordubata bitartean, Martuteneko kartzelaren inguruan egin zuten protesta berrogeita hamar lagun inguruk. «Bizirik eta etxean nahi ditugu» lelopean, banan-banan Donostian espetxeraturik dituzten euskal herritarren aldeko oihuak entzun ziren. Baita euskal preso politiko guztien aldekoak ere. Urteko sasoi honetan ohitura den bezala eta espetxean daudenei euren elkartasuna helarazteko asmoz, gabon-kanta ugari abestu zituzten.
Bestalde, larunbatean, 400 lagunek ongietorria egin zieten Irunen Iñaki Telletxeari, Xabi Irastorzari eta Markos Sagarzazuri. Egun berean, Bizkaiako Ean 80 lagunek manifestazioa egin zuten 18/98 auzia dela-eta berriki espetxeratu duten Jabier Salutregiri elkartasuna adieraztearren. Atzo, bestalde, 60 lagunek kontzentrazioa egin zuten Bilboko Uribarri auzoan, Gaizka Larrinagaren atxiloketa salatzeko. Gaur, 20.30ean, berriro egingo dute protesta Uribarrin.
Zaldibian 30 lagunek kontzentrazioa egin zuten atzo, eta Arrigorriagan 250 pertsonak hartu zuten parte Jose Miguel Beñaran, «Argala» hil zuteneko 29. urteurreneko ekitaldian.
Unai Gonzalezen aita, ama, emaztea eta amaginarreba zauriturik suertatu ziren auto-istripuaren ondorioz. Euskal Herritik 500 kilometrotara dagoen Teruelgo espetxera zihoazen bisita egitera.
Gasteizko presoaren gurasoek larunbatean jaso zuten alta, Gonzalezen emaztea eta amaginarreba aldiz, oraindik ere Txagorritxuko ospitalean daude. Amaginarrebak, gainera, orno bat apurtuta dauka.
Gabon garaian urtero egiten den bezala, aurtengoan ere makina bat protestaldi eta ekimen egingo dira euskal presoen eskubideen defentsan. Udalerri ugaritan errepresaliatuak gogoan izaten dituzten Olentzeroak ospatzen dituzte -Zaldibian, gaur, baserriz baserri arituko dira kantuan-, beste batzuetan, herriko enparantzan hutsik egoten diren mahaiak eta aulkiak jartzen dira, baina, oro har, preso politikoak gogoan izateko ekimenak egiten dira han eta hemen.
Iruñeko Txantrea auzoan orain dela 30 urtetik egiten duten errepresaliatuen aldeko korala horren erakusgarri da. Txantreako auzokideek 80ko hamarkadan beren iniziatiba propioz abiarazi zuten koral hau, eta hiru hamarkada beranduago, urtetik urtera partaidetza handiagoa duen eta auzoan erabat errotua dagoen ekimena bilakatu da. Urtero bezala, etzi, abenduaren 26an, auzoko preso politikoen eta errepresioak hildako beste hainbat lagunen etxeetara bertaratuko dira ehunka lagun, orotariko abestiak kantatuz. Arratsaldeko 16.00etan hasiko da Txantreako korala, eta bertan parte hartzeko deia egin die auzotarrei amnistiaren aldeko mugimenduak.
Actualmente son cinco los prisioneros catalanes que forman parte del Colectivo de Presos Políticos Vascos. Se trata de Laura Riera, Zigor Larredonda, Diego Sánchez, Lola López y Marina Bernadó.