Berezkoen Superprestigioa
Ezkurrak eta Ozafrainek lortu dute finalerako txartela
Garaipena lortu zuten bi pilotariak une oro aitzinetik aritu ziren
EZKURRA II
Paxkal Ezkurrak eta Patrick Ozafrainek lortu zuten atzo Donibane Garazin Superprestigioko finala jokatzeko txartela. Atzo finalerdietan ziren pilotarien jokoaren maila ikusita, hori zen normalena, baina lehen partidan, Ezkurrak eta Waltarik jokatu zutenean, alegia, dirua kubatarraren alde atera zen, bi hauen arteko azkeneko partida baitzuten gogoan zaleek.
Urruñakoak eta Kubakoak jokatu zuten lehen finalerdia, eta lapurtarra nagusi izan zen partida osoan zehar. Lehen kintzeko orekaren ostean, Paxkalek hamar kintzeko aldea lortu zuen, 27-17, eta Ezkurra ezagututa, garbi zegoen ez ziola garaipenari ihes egiten utziko.
Waltari apur bat gerturatu zen markagailuan, aurkariaren beherakada aprobetxatuz, baina Urruñako atzelariak berriro ere buelta eman zion, eta aparteko eragozpenik gabe lortu zuen garaipena.
Neurketa estua
Bigarren partida estuagoa izan zen. Ozafrainek irabazi zuen, eta emaitzak erakusten duena baino alde handiagoa egon zen trinketean. Bankakoak amaieran beherakada handi samarra izan zuen, eta garaipenak ia ihes ere egin zion, baina Pausuakoa baino gehiago izan zen.
Nafarroa Beherekoak hamar kintzeko aldea izan zuen alde, 30-20, baina Sorhuetek gora egin zuen, eta partida irabazteko aukera ederra izan zuen. Tanto bakar batera gerturatu zen, eta 39-38 jarri zen, baina hor sakearekin huts egin zuen; Ozafrainek ez zuen hutsik egin eta garaipena erdiesteko modua egin zuen.
Finala, datorren igandean jokatuko da Garat trinketean, Donibane Garazin, 17.00etatik aurrera, eta une honetako bi onenak neurtuko dira.