GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Joseba Otaegik nahi bezala menderatu du Jon Rekondo

Leitzarrak lehen enborra aurretik bota zuen, baina hortik aurrera zizurkildarra erraz nagusitu zen

Jon LEUNDA | TOLOSA

Joseba Otaegik oso erraz irabazi zuen atzo Tolosan Rekondoren aurka jokatu zuen apustua. Zizurkildarrak bederatzi minutu tik gorako aldea atera zion. Eguraldi aparta egin zuen aizkorarako, eta jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, 1.500 ikusle inguru batu baitziren saioa zuzenean ikustera.

Aizkolari bakoitzak sei 60 ontzako eta zortzi kana-erdiko erdibitu behar zituen. Enbor handiak Otaegik plazaratu zituen, eta txikiak, berriz, Rekondok. Alde bakoitzak, 4.000 euro jokatu zituen dirutan. Apustuak hasiera batean parean zeuden, baina berehalaxe jarri ziren Otaegiren alde.

Atzoko desafioak ez zuen emozio handirik sortu, zizurkildarrak berehala hartu baitzuen aurrea, eta aldea gero eta handiagoa zen. Oreka estreinako bi kana-erdikoetan bakarrik egon zen. Lehendabizikoa leitzarrak aurretik bota zuen, eta bi segundo atera zizkion. Bigarrengorako Otaegi aitzineratu zen, eta zortzi segundo kentzen zizkion, baina hortxe amaitu zen dena. Hirugarren enborra 60 ontzakoa zen, eta horren amaieran zizurkildarrak minutu erdi kentzen zion Leitzarrari.

Zaleak Rekondoren erreakzioaren zain zeuden, baina hori ez zen heltzen, eta gipuzkoarra aldea gehitzen zihoan. Lan erdia egina zuenean bi minutu eta erditik gorako aldea kentzen zion, eta dena erabakita zegoen. Lanaren bigarren zatia geratzen zen, baina zizurkildarrari ezer gertatu ezean garbi zegoen garaipena nora joango zen.

Egoerak Otaegi indartu egin zuen, eta ordura arteko kemen berarekin jarraitu zuen; Rekondok aldiz, etsi ere egin zuen, irabaztea ezinezkoa zela ikusten baitzuen. 36 minutu eta 27 segundotan burutu zituen lanak Otaegik, eta Rekondok berriz, 45 minutu eta 50 segundotan.

Aizkolariek honela izan zituzten enborrak jarrita. Hasteko, bi kana-erdiko jarraian, ondoren hiru 60 ontzako bata bestearen atzetik, lau kana-erdiko, hiru 60 ontzako, eta azkenik bi kana-erdiko. Enborrez enbor, hauek izan ziren Otaegiren denborak: 1.47, 3.36, 5.57, 8.29, 11.02, 13.29, 15.53, 18.23, 20.38, 23.27, 26.54, 30.15, 33.30 eta 36.27.

Jon Rekondorenak, berriz, hauek izan ziren: 1.45, 3.42, 6.26, 9.18, 12.20, 15.23, 18.25, 21.30, 24.54, 29.17, 33.40, 38.05, 41.56 eta 45.50.

Tolosako zezen-plazak itxura bikaina izan zuen

Zaleek apustuak gogoko dituzte, eta atzo ere argi eta garbi geratu zen hori Tolosako zezen-plazan, izan ere, 1.500 ikusle inguru batu ziren desafio hau zuzenean ikusteko asmoz. Bi aizkolari gazte hauek merezi zuten honelako erantzuna, nahiz eta gero apustua nahi bezain ikusgarria ez atera.

Apustua hasi aurretik dirua parekatua zegoen

Aurreko astean dirua pare samarrean zegoen, baita atzo zezen-plazan bertan ere, nahiz eta Rekondoren aldeko joera apur bat handiagoa izan. Gero, berehala igaro zen dirua Otaegiren aldera. Irabazleak 45 minutu pasa baietz ere jokatu zen, baina ez zuten asmatu, 36 minututan amaitu baitzituen lanak .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo