GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Adierazpenak

Joseba Otaegi: «Ez nuen uste apustua horren erraz irabaziko nuenik»

J.L. | TOLOSA

Joseba Otaegi pozez gainezka zegoen desafioaren amaieran: «Egia esan ez nuen uste horren erraz irabaziko nuenik» esanez hasi zen hizketan. Izan ere, bederatzi minutuko aldea kendu zion aurkariari, eta hori tarte handia da: «Horrela da, baina lehen esan bezala ez nuen uste horrela joango zenik. Ni oso gustura aritu naiz. Hasieratik ikusi dut nire burua ongi, eta erraz egin dut aizkoran», adierazi zuen.

Egindako denbora ere oso ona izan zen, eta horrek ere ezustean harrapatu omen zuen: «Entrenamenduetan denborarik ez dut hartu nahi izan, eta denborarik gabe egin ditut. Hala eta guztiz ere, ez nuen uste gaur hain denbora ona egingo nuenik», aitortu zuen.

Zizurkildarrak onartu zuenez, aurkariak berak uste baino gutxiago egin zuen: «Askoz ere gehiago espero nuen. Hasiera bizia izango nuela uste nuen, baina ez da horrela izan. Gero, tartea egiten ari nintzela ikusten nuen, eta ez nion erreakziorik ikusten, eta aurrera egin dut», esan zuen.

Rekondo, triste

Jon rekondoren aurpegia bestelakoa zen: «Egia esan, ez dakit zer gertatu zaidan, baina gaizki aritu naiz. Lehen zatian ez dut erritmorik hartu, eta horrela zaila da. Ordurako alde handia kendu dit, eta ia ezinezkoa zen ezer egitea», esan zuen.

«Lanak 40 minutu baino gutxiagotan amaituko nituelakoan etorri naiz, seguru nengoen, baina ez naiz ongi aritu», erantsi zuen leitzarrak.

Hori bai, aurkariak egindako lanaz ere aritu zen: «Oso lan ona egin du Otaegik. Oso denbora ona egin duela esan behar da, ni baino gehiago izan da», aitortu zuen.

Aurrera begira lanean jarraitu beharko duela esan zuen: «Hau ahaztu beharra dago, eta horretarako onena Urrezko Aizkoran lan ona egitea izango da. Mindegiarekin ari naiz, eta ea hemengoa ahazten dudan. Hau joan da, eta aurrera begiratu beharko dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo