GARA > Idatzia > Kultura

Zaharrari aio eta datorrenari... ondo jaio

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Antzezlanari amaiera iristen zaion bezalaxe iritsi zaio urte zaharrari txaloak edota tomateak jasotzeko unea. Hamabi kanpaiekin batera agur egin du iragandako urteen zaku betera, ahantziaren kutxa zaharrera, `akordatzen zara'... hitzen atzean betiko ezkutatzera. Itzalean geratu den irudi ilun bat besterik ez da izango hemendik aurrera. Zuri-beltzeko argazki zahar bat. Kontsumitutako denbora. Ukitzerik ez dagoen itsaso zabaleko iraganaren uretan nahastuta, gaur izatetik, atzo izatera. Bizirik egotetik, hilobiko letra izatera. Izatetik ez izatera.

Baina urteari agur beroa eman aurretik, betiko ur sakonetan geratu diren batzuen aipamen xumea egin nahiko nuke. Gure antzerkiagatik borrokan aritu diren bi langile porrokaturen aipamena. Eva Forest eta Idoia Sagartzazu. Norberaren gaitasunak oparitu baitizkigute guztioi, eta euren borrokak eta indarrak, bide berriak zabaldu baitizkigu besteoi. Eskerrik asko bihotz bihotzez eta... hildakoak ez omen dira hiltzen bizidunon oroitzapenean dauden bitartean. Aipatu beharra dago, joana den urte zahar hau urte oparoa izan dela gure antzerki munduan. Euskarazko lan asko egin dira Euskal Herrian, baita euskarazkoak izan gabe, euskaldunek eginikoak ere. «Lapur zuloa», «Ezin dut egia esan», «Emakumeak izarapean», «Ipuin Iberiarrak», «Amamaren memoria», «Joko Haut», «Actto para la noche buena», «Hor al zaude?», «Antigona», «El Jefe de todo esto»... etab. Azterketa egin behar izango banu, urte oparoa izan dela esango nuke. Antzezlan asko ekarri baitizkigu urte zaharrak bere magalean. Eta kalitatezko lanak gainera. Horregatik topa egin beharrean gaudela uste dut. Euskal antzerkia aurrera doalako, gauza berriak egiten ari direlako, garapena ematen ari delako, geroz eta duintasun handiagoa izaten ari delako, antzerki eskola ofizial bat izango dugulako eta, batez ere, atzetik datozen guztiak indar eta ideia berriz beterik datozelako. Jaioberria den urte berri honetako lehenengo egun hauetan, mahatsak, kakahueteak, olibak, edota ezer ez, jan dugunok, esperantza izpi berri batekin hartu nahi dugu urtea. Esperantzarik ezean ezer ez dagoela esaten baitute jakitunek... beraz, horra hor asmo ona: aurreko urteko egunetan sortu eta ekoitzi diren antzezlanek lan asko izan dezatela, gauza berriak jaio eta bidea zabal-zabalik topa dezatela, euskal eta euskarazko antzerkia gara dadila, kalitatea gehi dadila, ikus-entzule gehiago izan dadila eta guztiontzat lan oparoa izan dadila... Antzerkia maite dugunok, topa egin dugu beragatik, bere osasunagatik eta, batez ere, aurrera jarraitu ahal izateko bideak izan ditzala gure herrian eta baita gure herritik kanpo ere. Zaharrari aio eta datorrenari... ondo jaio!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo