GARA > Idatzia > Gutunak

Aitor Irigoien Odriozola Getaria

Ur askea

I. Santo Tomas eguna, eguerdi partea Konstituzio plazan. Urteroko ohiturari jarraiki, txistorra otartekoa eta sagardo basoa eskuan, gustura gaude lagun giro apartean. Giroa ederra, oro har. Ondoan, «ñoñostiar» gazte talde bat. Ahaztu egin zaie, antza, baserritarren arropa jaztea; denak ere sagardoa botila muturretik edaten dabiltza, trago amaigabeak emanez. Mutil bat gerturatu zaie: «¿Qué pasa, tio?». «Eh! Gaur euskaraz, eeee...» -etorri berriak oso tonu ironiko eta iraingarrian-. «Kar-kar-kar!» -lehertzen dira guztiak barrez, gaztelaniaz mintzatzen jarraituz.

Bertan bizi eta euskal kulturatik hain urrun egotea ikaragarria iruditu zait; euskarari barre egitea, triste bezain mingarria.

II. Lagunarteko afaria Marinelak elkartean. Guztiok ere getariarrak. Talde txiki bat elkarren artean gaztelaniaz mintzo da afari guztian. Afari ostean, gaztelaniaz mintzatu diren berak, elkarri lepotik heldu eta «Euskal Herrian Euskaraz» ozenki abesten hasten dira, euskaltzaletasunak bat-batean inbaditu balitu bezala. Ez dut ezer ulertzen. Agian txakolinaren edo postreko patxaranaren eraginez izan litekeela aipatzen dit ondokoak, agian...

III. Arratsaldero herriko plazan gurasoen artean gaztelania hainbeste erabiltzearen arrazoiak zein izan litezkeen pentsatzen jarri izan naiz behin baino gehiagotan: Guay-agoa izateagatik ote? Besteren aurrean interesgarriarena egiteagatik akaso? Ohitura edo moda kontu soila? Edota españolismo hutsa?

Euskara erabiltzea ez da inposaketatzat ulertu behar, baina urtero milaka hizkuntza desagertzen ari diren egungo mundu globalizatuan honen garrantziaz jabetu behar dugu denok. Euskara gureganaino iristeko gure arbasoek egindako lan eta ahaleginak ezin ditugu orain ezerezean utzi gure utzikeria edota inozokeriagatik. Izan ere, geldirik dagoen ura usteltzen den moduan, erabiltzen ez den hizkuntza bat ere galdu egiten da; ur askea behar du izan beraz euskarak eta ahoz-aho aske ibili etengabean.

Denok noizbait irakurri dugun J. M. Artzeren esaldia aintzat hartzen hasteko garaia da... Beranduegi izan baino lehen....

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo