GARA > Idatzia > Gutunak

Arantxa Zelaia Txokarro Amaiur, Arizkun, Oronoz, Irurita eta Berroetako zinpeko alkateen izenean

Baztango Udaleko Gobernu Batzordeari

Duela bi aste Baztango Udaleko Gobernu Batzordeak argitara emandako prentsa oharraren aitzinean zenbait aipamen egin behar dugu, uste dugulako bi gai arras diferente nahasi dituzuela eta informazioaren eta hizkuntzaren manipulazio hutsa dela.

-Garbi gera dadila Erdizeko harrobi-mehategiari buruzko herri-kontsulta Baztango bost herritako alkateek eskatu dugula, eta ez talde politiko batek. Honen alde ez dago EAE-ANV bakarrik, baita gutxienez bertze 954 baztandar ere, seguruenik NaBai eta UPNren aldekoak barne. Ez gara politikoak eta ez dugu joko politikoan sartu nahi. EAE-ANV eta NaBairen arteko tirabiretan gu ez sartu.

-Herri-kontsulta «a la española o a la baztandarra» aipatzen duzuen hori ergelkeria hutsa da. Ongi dakizuen bezala, Baztanen ez dago herri-kontsulta bat nola egin behar den erraten duen legerik. Horregatik guk kontsulta hori arautzen duen Foru Legea aukeratu dugu, Parlamentuak onetsia. Zer diote Baztango ordenantzek honen inguruan? Ordenantzek akaso erraten dute informazio kanpaina eman behar dela eta nola eman behar den? Bitartekariak egon behar direla aipatzen al dute?

-Guk hautatutako bidea demokratikoa ez dela errateak ezjakintasuna adierazten du. Guk ez diogu inori informazioa ukatzen. Baina nahiago dugu Foru Legea aplikatzea enpresa pribatu baten eskuetan uztea baino (baztandarra ote da enpresa hori?). Objektibotasuna, inpartzialtasuna eta gardentasuna nahi dugu.

-Beldurra diogula emaitzari? Inolaz ere ez. Horregatik herritarrei galdetzea nahi dugu, erraten dutena errespetatuko dugula erran dugu beti. Baina bai beldurra diogula NaBairen maltzurkeriari, faltsukeriari, informazioaren manipulazioari...

-Autokritika ez dugula egin? Egin behar dugu? Prentsa aitzinean erran genuen garbi aski zer nahi genuen eta nolako bidea egin behar genuen. Ez dugu iritzia aldatu eta ez dugu deus altxatu. Puntu berean gaude. Agian autokritika zuek egin beharko zenukete, bazterrak nahasten ibili zaretenak. Akordio batera iristeko ahaleginetan ibili gara, ongi dakizuen bezala, iduri zuen posturak hurbiltzen ari zirela eta orduan adostutako proposamena zehaztu behar genuenean, prentsan eskatzen diguzue zuen plana onartzea. Horrek elkar ulertzea errazten al du?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo