GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebizitza eskubideaz negozio egiten dutenei «haserrea erakusteko» deia egin da Iruñerrian

p020_f02_88x72.jpg

GARA |

Iruñerriko gazte mugimenduak etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta eskubide hori negozio bihurtzea salatzeko beste ekimen bat aurkeztu du. Urtarrilaren 11n, ostirala, Euskal Herria osoan aldarrikapen hori egingo da eta, ordura bitartean hainbat ekintza egiteko asmoa erakutsi zuten. Iruñerrian lau talde edo eragile ari dira arazo horren inguruan lanean: Gazte Aterpea Txantrean, Kalean Barañainen, Gure Ataria Burlatan eta Etxekolore Donibanen.

Hilaren 11n «etxebizitzaren aldeko baterajotzea» izanen dela jakinarazi zuten. Nafarroan, Txantrea Iruñeko auzoan izanen da manifestazioa. Egun horretan, Ezkaba plazatik 19.00etan abiatuko da aipatutako lau eragileek deitutako martxa.

Barañaingo gazteek bizi duten errealitatea «latza» dela ohartarazi zuten eta hitz batean laburtuz, «prekarietatea» aipatu zuten. «Hori da euskal gazteriaren eguneroko ogia gure bizitzako edozein alorretan», gaineratu zuten gazteek. Etxebizitzaren arazoa da egoera horren adierazle nagusietako bat. Arazo «larria» dela nabarmendu zuten, eta eskubidea dela aldarrikatuz, «eskubide ukatua eta negozio» bihurtu dutela salatu zuten.

Barañaingo ekintza

Guztien eskubide hori «gutxi batzuen mesederako eta aberastasunerako negozioa» izatea gaitzetsi zuten. Arduradunak ezagunak izanik, Barañaingo gazteek erantzuna ematearen beharra adierazi zuten: «Ez gaude espekulatzaileak gure herrian lasai eta patxadan egoten uzteko prest; dagokigun eskubideaz negozioa egiten duten putre horiek ez dira ongietorriak gure herrian».

Hori dela eta, egoerak bultzatuta, «higiezinen agentziei, banketxeei eta eraikuntza enpresei haserrea erakusteko» deia egin zuten Barañaingo gazteek. Alde horretatik, mezu bat luzatu zieten egoera horren arduradunei: «Eskubide batetik negozioa egiten jarraitzen baduzue gazteria aurrez aurre izango duzue».

Izan ere, eta euren egoera azaltze aldera, herrian etxe bat eskuratzea ezinezkoa zaiela eta Udalak eskaintzen duen guztia «miseria eta kale gorria» dela jakinarazi zuten. Aste honetan hasi eta datorren ostirala arte hainbat ekintza egingo omen dituzte. Atzo bidalitako argazkietan ikusten denez, higi- ezinen hainbat agentziatan kartelak eta pegatinak jarri dituzte, agentzia horien jarduera salatzeko.

Hainbat ekimen

Etxebizitzaren aldeko borroka Euskal Herri osoan egin da eta egun ere egiten ari da. Toki bakoitzean modu berezian, edo eragile bakoitzak nahi izan duen moduan, baina guztiak ere etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko eta eskubide horrekin negozioa egiten dela salatzeko.

Iruñerrian joan den udazkenean horrelako ekimen bat egin zuten, auzo eta herrietan salaketa kartelak jarri zituzten eta zuzenean erantzuleengana jo zuten. Ekimen hari amaiera emateko, Txantrean manifestazioa eta akanpada egin zuten. Aterperik ez zutenez kanpin dendak altxatzera behartuak zirela adierazi nahi izan zuten orduan. Halere, udaltzainek eragotzi egin zuten, eta gaiari buruzko informazioa emateko prestatutako hitzaldiak ere oztopatu egin zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo