Top 14
Biarritzek lehenengo lau postuetan sartzeko aukera izan dezake gaurko partidan
Lapurtarrek Montauban taldea hartuko dute 20.30etik aurrera, eta garaipena lortzen baldin badute, sailkapenean gaina hartzeko moduan izango dira
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Astebeteko atsedenaren ostean, berriro ere abian jarriko da Top 14a, eta gaur bertan jokatuko du Biarritzek Agilera estadioan, 20.30etik aurrera. Montauban taldea izango du aurrean.
Partida garrantzitsua izango da lapurtarrentzat, denboraldi honetan lehen aldiz, estreinako lau postuetan sartzeko parada ukango baitu. Horrekin batera, orain arteko zalantza guztiak uxatzeko ere izan daiteke baliagarri gaurko norgehiagoka.
Talde frantziarra dago une honetan laugarren postuan, eta zuri-gorriak baino puntu bakar bat gehiago du. Beraz, Biarritzek gaur irabaztea nahikoa izango luke, beraiei aurrea hartu ahal izateko. Laugarren postuan kokatu ahal izateko, ordea, hori baino gehixeago beharko luke, izan ere, Aviron baita bosgarren Biarritz baino puntu bat gehiagorekin, eta baionarrek ere galdu egin beharko lukete. Beraz, gaur Biarritzek irabazi, eta bihar Avironek galduko balu, denboraldi honetan lehenegoz, finalerdiak jokatzeko postuetan jarriko litzateke Biarritz.
Zuri-gorriek baja mordo bat dute oraindik, baina gaurko partidan Julien Dupuy itzuliko da, eta atzo entrenatzaileek ezagutzera eman zutenez, hasierako hamabostekoan izango da gainera. Lapurtarrek arazoak dituzte jaurtitzaileekin, Yachvili ere min hartuta baitago, eta Dupuyren itzulera garrantzitsua izango da talde zuri-gorriarentzat. Dena dela, talde lapurtarreko jokalari asko daude min hartuta.
Biarritzek hilabete gogor bati egin beharko dio aurre, eta izan duen denboraldi hasiera kaskarraren ondorioak jasan beharko ditu. Ligan puntuak behar ditu lehen lauren artean ibiltzeko, eta Europako Kopan ere bi partida garantzitsu jokatuko ditu urtarrilean, final-laurdenak jokatzeko txartela izango baitu jokoan. Handik kanpo geratzea, kolpe latza izango litzateke.
Gaur irabaztea, ordea, ez da lan samurra izango, Montauban bikain ari baita jokatzen, eta jakin badakite gaur Biarritzen irabazteak lehen postu horietan jarraitzeko aukera emango diela, aurkari zuzen bat atzean utzita, gainera.
Hamabostekoari dagokionez, erabakita dago Biarritzek zelairatuko duena: Balan, August, Avril, Thion, Hall, Betsen, Malonga, Vahafolau, Dupuy, Peyrelongue, Ngwenya, Traile, Masi. Willemse eta Brusque. Aulkian, berriz, honako jokalari hauek geratuko dira: Nooirot, Coetzee, Dellape, Cronje, Cibray, Cabannes eta Bidabe.
Liga Federala
Liga Federala ere asteburu honetan itzuliko da, eta Lehen Mailan ari diren hiru euskal taldeentzat garrantzi handiko neurketak izango dira.
Bosgarren multzoan, Maulek Lannemezanen zelaira egingo du bisita. Partida zaila izango dute, baina azkenaldian lortutako gaipenek lasaitasuna eman behar die, eta etzi irabazteko asmoarekin joango dira.
Seigarren multzoan, Donibane Lohizunek ere norgehiagoka oso zaila izango du Lurdaren zelaian. Bien helburua Pro 2rako igoera fasea jokatzea da, eta bientzat izango dira puntuak oso garrantzitsuak.
Nafarroak, aldiz, azkeneko postuetaik egin behar du lehenbailehen ihes; hauek ere puntuak lortu behar dituzte etxean Morlanaisen aurka, egoera are okerragoan murgildu nahi ez badute. Partida hauek etzi jokatuko dira 15.00etatik aurrera
Julien Dupuy osatu da, eta gaur hasierako hamabostekoan izateko moduan da. Biarritzek taldeko bi jaurtitzaile nagusiak min hartuta izan ditu, baina gaurko norgehiagokarako bat, gutxienez, berreskuratuko du.