Ikus-entzunezkoak eta gazte literatura, Alhondiga Bilbaon
«Irakurketa eta irakurleak mende berrirako» programaren barruan hiru ikastaro antolatu ditu Alhondiga Bilbao zentroak. Batez ere, literatura irakasleei, udal eta eskola liburutegietako profesionalei eta guraso elkarteetako kideei begirakoak izango dira.
GARA | BILBO
Literaturaren korronte berriak aztertzeari eta korronte horietan sakontzeari begirakoak izango dira Alhondiga Bilbao zentroak antolatu dituen ikastaro berriak. Lehendabizikoak «Irudiak irakurri: prentsa, telebista, zinea eta beste pantaila batzuk» izango du izenburua. Ikus-entzunezkoen hizkuntzaren inguruko gogoetak izango ditu ardatz nagusi. Ariketa praktikoak ere egingo dituzte. Horretaz gain, kultura tradizionalaren eta gaur egungo gizarte mediatikoaren ikuspegiak alderatuko dituzte. Ikastaroa Bilboko Merkataritza Ganbaran izango da, urtarrilaren 17an eta 18an.
Otsailaren 14an eta 15ean, berriz, «Gazteak eta liburutegiak: ezusteko harreman bat baino zerbait gehiago» izenburupean, beste ikastaro bat antolatu du Alhondiga Bilbaok. Gazteek eta liburutegiek duten harremanean sakontzea du helburu. Bertan, liburutegiaren eta nerabeen arteko harremana ezartzen eta finkatzen lagundu duten lan ildoen, jardueren eta materialeen berri emango dute.
Apirilaren 3an eta 4an, azkenik, «Irakurlea haur eta gazte literaturaren bitartez eraikitzea» ikastaroaren txanda izango da.
Alhondiga Bilbaok German Sanchez Ruiperez Fundazioaren eta Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkartearen lankidetzan antolatu dituen ikastaro hauetan parte hartu nahi dutenek alhondigabilbao.com webgunean aurkituko dute informazio guztia, eta bertan dute izena emateko aukera ere. Urtarrilaren 17ko eta 18ko ikastaroari dagokionez, urtarrilaren 11n bukatuko da izena emateko epea.