Oiartzunen herritarrekin elkarlanean osatu dituzte aurtengo aurrekontuak
Oiartzungo Udalak herritarrekin elkarlanean osatu ditu 2008ko aurrekontuak. Joan den azaroan bilerak egin zituzten auzoz auzo; abenduan herri batzarra egin zuten jasotako iritzi eta ekarpen guztiekin; eta, azkenik, osoko bilkuran aurkeztu zuten herri batzar horren proposamena.
Maider IANTZI
Duela lau urtera arte bizilagunengandik gertu egon da Oiartzungo Udala. Horregatik, lau urteotako apartheid egoera kolpe handia izan da, herriarengandik aldendutako instituzioa izan baita Udala», adierazi du gaurko Gobernu Taldeak. Apartheid egoeraren ondorengo unean hartu zuen Eusko Abertzale Ekintzak Herriko Etxearen ardura. Orduan, Aitor Etxeberria alkatearen hitzetan, demokrazia ezaren eragin zuzena nabari zen, erabakiak herriaren babesik gabe hartu zituztela ageri zen. Ez hori bakarrik. «Historikoki izan den funtzionamendua erabat aldatuta aurkitu genuen. Adibide argi bat jartzearren, duela lau urtera arte herri honetan inoiz ez zen soldatarik kobratu bileretara joateagatik», azaldu du Etxeberriak.
EAE-ANVko Udal Taldeko prentsa arduradunak jakinarazi digu herri funtzionamendua berreskuratu nahi dutela eta horretarako sortu zutela Hirigintzako Aholku Kontseilua. Lakuak Lurzoruaren Lege berria jarri zuen martxan 2006ko irailean. Lege honi esker, 7.000 biztanletik gorako udalek hirigintzari dagozkion plan eta proposamen berriak herrian bertan bidera eta onar ditzakete. Lehen Aldundiari zegokion halakoei behin betiko onarpena ematea; orain, udalen esku dago eta ahalmen horren jabe izan nahi dutenek ezinbestekoa dute Hirigintzarako Aholku Kontseiluak sortzea.
Hirigintzako Aholku Kontseilua herritarrek eta gizarte eragileek eratutako kontsultarako organoa da. Proiektu eta proposamen berriak aztertu eta horien inguruko txosten teknikoa osatzea du xede, eta ondoren udalaren esku uzten du azken erabakia. Txosten hori ez da loteslea, baina Oiartzungo Gobernu Taldeak argitu digunez, udalak ezin du nolanahi bere aurka jo. Idatziak dioenarekin ados ez balego, taxuz argudiatu beharko luke zergatia eta ezingo luke argudiorik gabe deus aldatu.
2003-2007 legegintzaldian Oiartzungo Udal Gobernuaren jabe egin ziren ordezkari politikoek (EA-EAJ) Hirigintzako Ordezko Arauen Eraberritze Prozesua behin betiko onartu zuten. «Zoritxarrez, ez zituzten Lurzoruaren Lege Berriak exijitzen zituen pausoak eman; alegia, ez zuten Aholku Kontseilua eratu. Egoera honen aurrean, herritar talde batek helegitea jarri zion onarpen horri, esan bezala, legea larriki urratzen zelako», oroitarazi dute EAE-ANVko bozeramaileek. Testuinguru honetan, Oiartzungo herritar gehienen babesa duen Udal Talde berriak, «aurrekoek eginiko hutsegiteak konpontzeko asmoz», Oiartzungo Hirigintzako Ordezko Arauen Eraberritze Prozesua onartu baino lehenagoko puntutik abiatzea erabaki zuen.
«Lehentasun osoa eman zaio Aholku Kontseiluaren osaketari (Lurzoruaren Lege Berriak dioen bezala) eta, beraz, oiartzuarrek herriko erabakietan zuzenean parte hartzeko duten eskubideari», ziurtatu dute.
Horren guztiaren ondorio da egun lanean ari den herritar taldea. Udalak martxan jarri duen Hirigintzako Aholku Kontseiluak 30 kide ditu: horietako 18 LAB, EHNE, Zutik, Ekologistak Martxan, Haurtzaro ikastola, Ttur-ttur, Gazte Mugimendua eta bertze herri eragile batzuetakoak dira; Udaleko 6 ordezkari daude (Aitor Etxeberria alkatea lehendakaria da); eta 6 bizilagun ere bai. Iazko urrian hasita, zazpi saio egin dituzte eta batez beste 24 kidek hartu dute parte horietan. «Orain arte egin diren saioetan parte hartu ez duten bakarrak Oiartzun Bai eta EB alderdiko ordezkariak dira», azaldu du Gobernu Taldeak.
Kontseilua osatzeko Udalak herriko eragile guztiei eskutitza idatzi zien eta parte har zezaten gonbitea egin. Gainera, prentsaren bidez ere deia luzatu zien herritar guztiei. Txostena bukatua dute dagoeneko eta Udalaren esku dago orain Hirigintzarako Ordezko Arauen behin betiko onarpena.
AUZOETATIK HERRI BATZARRERA
EAE-ANVko Udal Taldeak jakinarazi digu legegintzaldi honetan hartu duen erabakirik garrantzitsuenetakoa 2003-2007 aldian EA eta EAJko agintariek Hirigintzako Ordezko Arauen Eraberritze Prozesua onartu baino lehenagoko puntutik abiatzea izan dela. Alde batetik, Aholku Kontseilua eratu gabe egin zelako. Bertzetik, EAE-ANVk herritarrek erabakietan zuzenean parte har dezaten nahi duelako.
Aurrekontuak osatzerakoan ere borondate hori aplikatu dute ekintzaleek. «Oiartzuar guztiek berdintasunean aurrekontuen osaketan parte hartu ahal izatea genuen xede, zenbat eta herritar edo talde gehiagok parte hartu, orduan eta adostasun zabalagoa izango baitzuten aurrekontuek», nabarmendu dute. Prestaketarako bi hilabeteko epea ezarri eta hiru urrats egin dituzte: auzoz auzoko bilerak, herri batzarra eta osoko bilkura.
17,3 milioi euroko aurrekontutik 4 milioi inbertsioetarako izango dira. Diruaren erdia uholdeek eragindako kalte ekonomikoa moldatzeko erabiliko dute.
2007ko azaroan bilerak egin zituen Oiartzungo Udalak auzoetako bizilagunekin. Arraguan, Ugaldetxon, Elizalden, Altzibarren, Karrikan, Iturriotzen, Ergoienen eta Gurutzen izan zen aholkuak, iradokizunak, iritziak eta proposamenak biltzen. Zer egin da auzoan? Zer dago egiteko? Zer egin da herrian? Galdera horiei erantzun zieten, eta jasotako ekarpen guztiak herri batzarrean aurkeztu zituzten abenduaren 11n. Bertan hartu zuten ekarpen horiei buruzko erabakia, eta ondoren osoko bilkurara eraman zuten aurrekontu proposamena. Hala, herritarren iritziekin osatu dituzte 2008ko aurrekontuak.