GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Bortitzak, biktimak eta zigorrak

Urte bat joan da eta haren ordezkoa etorri. Esan nahi dut haren berdina -salneurrietan izan ezik- etorri dela, dinamika berberak errepikatzera gonbidatzen -behartzen- gaituena. Ez da bestela izango den zantzurik. Eta hala izango da inertzia horrek eraman gaitzan uzten badugu. Izan ere, urte berria ona izan dadila opatzea ez baita formula bat baino. Desio hori zintzoa izan daiteke, eta zintzoa izaten da, baina urtea, denboraren antolaketa mota hori, berez ez da ez ona, ez txarra. Guk egiten dugu ona edo txarra, egia bada ere batzuek beste batzuek baino ahalmen handiagoa dutela. Eskuarki urtea berentzat ona izan dadin.

Baina horiek besteei ere urte ona, edo ez hain txarra, izatea eskaintzen diete. Arlo politikoan gaitzespena dute gaitz guztien sendagarri. Baina ez aukera gisa, legaltasunaren baratzean bizitzeko ezinbesteko betebehar modura baizik. Gaitzetsi ezean, legaltasunik ezaren basamortua. Erraza da, bortitzak gaitzetsi baino ez da egin behar. Biktimak eragiten dituztenak, alegia. Horiek gaitzesten ez dituztenek ere eragiten baitituzte biktimak, nolabait.

Horiek horrela, pentsa liteke legaltasunaren baratza eta, beraz, urte ona izatea ez dagoela inoren esku. Batzuek Estatu espainola eta frantsesa gaitzesten ez dituztelako, beste batzuek ETA, eta ez dugu Ameriketaraino joko, Europako mutur honetan geratuko gara. Baina ez, kontua da ETAk baino ez dituela biktimak eragiten. Hala esaten dute gaitzetsi zaleek.

Ni ez nator bat inondik inora. Natividad Junko biktima da, eta haren heriotzaren erantzuleek izen-deiturak dituzte, Estatuen koraza gogor eta zabalaren babesean izanda ere; Gorka Lupiañez biktima da, Angel Figeroa bezala, eta jasan eta jasaten dituzten legez kanpoko zigorren erantzuleak bortitzak dira, zigor horiek bertatik bertara aplikatzen dituztenak bezain bortitzak gutxienik. Ez naiz batekoak eta bestekoak maila berean jartzen ari; izan ere, beste desberdintasun batzuk ikusten ditut. Bat baino ez aipatzearren, batzuk legalak izatea eta besteak legez kanpokoak. Lehenak bortizki zigortuak eta bigarrenak zigorgabeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo