GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Droga errepidean

Gaupasa egitea herri kirola da! Gustatzen ez bazaizue, ez egin, baina errespetatu besteon aukerak, ez da hala? Mezatara joatea, pilota partidak ikustea, txirrinduaz kamioiez beteriko errepidean ibiltzea, euskal idazle izatea... Eta abar luze hori osatzen duten zentzugabekeriak errespetatzen diren bezala, errespetatu parranda luze eta zabalak egin nahi dituenaren hautua; finean, ez baita zentzugabekeria askoz aldrebesagoa. Mezatan ardoa jainkotzen duten eran, pilotan antidopina Goñi-ri bakarrik egiten zaion moduan, txirrindulari guztiak drogatzen diren bezalaxe, gau- paseroak ere errealitate bat gara, zuetako askori eta askori horrek tripak lehertzen dizkizuen arren. Badakit pertsona serioak zaretenok ezkutatzen duzuela zuen gaupasarako afizioa, egin bai, baina esan ez, kokaina kontsumitzaile ia gehienek bezala, besteenak zabaldu eta zuenak ezkutatzen dituzuen pertsona serioak zaretela serioak zaretenak. Badakit, bai. Bejondeizuela!

Baina ez dut denborarik galduko norbere kontzientzia bere pekatuak hurkoari leporatuz garbitzen duenaz hitz egiten, horrekin moldatzeko aukera edozein komunetan izango baitut nahi baino lehen. Derradan, bidenabar, denbora aprobetxatzea denbora galtzea dela; denbora galtzea denbora aprobetxatzeko modurik egokiena den bezala. Hori bai, bakoitzak nahi duen gisara galtzen du, edo aprobetxatzen. Lo asko baina gutxitan egiteko jaio ginenok, esaterako, lanean galtzen dugun denbora tabernan aprobetxatzea maite dugu, dakigulako lo egitea koldarrena dela eta, gu ere, gaur ez bada bihar, koldartuko garela, nahi eta nahi ez.

Duela urte batzuk hasi ziren goizeko zazpietan esnatzen direnetako batzuk, burutsuenak nonbait, gure aisialdiari mugak jartzen. Behin beren buruari gazte izateko jarritako epea gaindituta, besteon bizitza kudeatzea otu zitzaien, gu ere, beraiek bezala, tenorea baino lehenago zahartu gaitezen telebistari so. Eta tabernak itxi ziren. Ordubi eta erdietan. Ondorioz, ondoren, zazpietan esnatzen direnen semeen diskoteka nazkagarrietara jo behar izaten dugu, kotxez jakina, kotxez joateko egiten diren errepideak baitira zazpietan esnatzen diren bi belaunaldien benetako ogibide. Honen adibide, urrutiegi joan gabe, belarriak garbitzeko jada balio ez duten «bastonzilloak», zeinei orain ahoan sartzeko funtzioa egokitu zaien, hankarteko matxinak bailiran. Alkoholemia eta drogolemia, hona hemen gazteon bizitzak salbatuko dituzten bi gailuak. Mul- taka-multaka dirurik gabe utziko gaituztenez, ezingo dugu parrandarik egin. Oso burutsua zuen proposamena. Baina nik badaukat beste bat: Zergatik ez dituzue tabernak astelehenera arte zabalik edukitzen eta gero taxi bana bidaltzen gure bila lotara eraman gaitzaten? Gure bizitzak hainbeste arduratzen bazaituzte, nahiago genuke azken aukera hau. Eta bi egun horietan gastatzen dugun dirua subentzio bidez emango bazenigute, oraindik hobe, Himalayara plastikoa botatzera joaten direnekin egiten duzuen bezala. Horrela, hobe ulertuko gi-nateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo