GARA > Idatzia > Gutunak

Ixabel Millet Etxalar

Indarkeriaren aurka jar ezazu tirita bat

Igor detenitu ostean etxea miatu zuten, eta komisaldegira eraman, eta seiak aldera handik ZIUra...

Goizean jakitean, min izugarria sentitu dut. Arnasestua kentzean, ondoko parkean sarritan entzuten dena gogoratu dut: «Mina sentitzen denean, jar ezazu tirita bat».

Joan farmaziara eta tirita eskatu. «Ze tamainakoa?» -botikariak. «Min handia dut» -erantzun diot. Eta, azkenean, tamaina guztietan handiena hartu dut, rollo batean dagoen tirita erraldoi bat.

Ondoren, kolorea galdetu dit: «Berdeak?». Uniformeen kolorea..., etorri zait burura. «Horiak?». Bañerako uraren kolorea... «Gorriak?». Odolarena... Horrela jarraitu ezinean, haragi kolorekoa eskatu dut.

Joan etxera eta bainugelan sartu. Orduan, tirita non jarri erabaki behar nuen. Tripan, agian... baina mina ez zen desagertzen. Eztarrian, hobe... ezta ere. Bihotzean. Eta bihotzean jarri dut.

A ze pakea! Ez nuen minik sentitzen! Beno, beste ondorio bat izan du. Tiritarekin mina estalia nuen. Baita bihotza ere...

Atera kalera, eta orduan, jende guztiak tirita bat jarrita zuela konturatu. Batzuek, nik bezala, bihotzean, ez sentitzeko. Beste batzuek, eztarrian, oihu ez egiteko. Eta beste batzuek, begietan, ez ikusteko. Baina denak... haragi kolorekoak...

Igor detenitu ostean... Indarkeriaren aurka tirita bat besterik ez nuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo