GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jose Ramon Etxebarria Irakaslea

Lehertu egingo nintzen bestela

Maite ditut torturatuak, mundu guztiko torturatuak, Guantanamo eta Irakekoak, Palestinakoak, Erdi Arokoak, atzokoak eta gaur egungoak... izenik ez dutenak. Baina bereziki maite ditut hurbilekoak, Euskal Herrikoak

Gehien hunkitzen nauten gertaeretako bat da tortura; gehien. Heriotza baino askoz gehiago. Kualitatiboki gorago dagoen maila batean hunkitzen nau, jakin baitakit torturatzen zaituzten unean heriotza desio izateraino heltzen zarela, jasanezintasunetik ihes egiteko gogoz. Bai, zinez hunkitzen nau inork jasandako torturak, loa galarazteraino.

Miretsi egiten ditut torturatuak, pertsonaren duintasunaren erakusle baitira; eta torturatzaileen duintasunik eza agertzen dutelako, berez. Are gehiago miresten ditut, jasandako basatikeriak publikoki kontatzeko adorea duten torturatuak, hotzikarak sortzen dizkidaten arren; edo agian, horregatik. Izan ere, bihotza dardar jartzen baitidate, sentimendurik bihozkorrenak sortuz nigan. Nola ez, ba, miretsi!

Sinetsi egiten dut torturatuen hitza. Egia diotelako, beren sufrikarioaren kronikariak direlako, berek bakarrik eskain dezaketen kontakizuna gizarteratzen dutelako. Nola ez, ba, sinetsi!

Maite ditut torturatuak, mundu guztiko torturatuak, Guantanamo eta Irakekoak, Palestinakoak, Erdi Arokoak, atzokoak eta gaur egungoak... izenik ez dutenak. Baina bereziki maite ditut hurbilekoak, Euskal Herrikoak, izen propioa dutenak, Mikel, Unai, Martxelo, Gorka edo Igor deitzen direnak. Horiek hunkitzen naute gehien, horiek miresten ditut gehien, horiek maite ditut gehien. Nola ez, ba, maite!

Degradazioaren goren maila da tortura, esan nahi baita, torturaz baliatzea zernahi helburu lortzeko. Baina degradatzen duen bakarra torturaren erabiltzailea da, ez torturatua. Torturatua goraturik geratzen da, bere izate hutsez degradazioaren salatzaile bihurtzen baita, duintasunaren sinbolo.

Gaizki dabiltza munduko torturatzaile guztiak, itxuraz nagusi, indartsu eta boteretsuak badira ere. Inpunitatez jokatzen badute ere. Gaizki dabiltza jendea enteratuko ez dela uste badute. Gaizki dabiltza inpunitatearen babespean jokatzen ari diren guztiak, jakin behar baitute lehenago edo geroago agerian geratuko dela beren krudelkeria. Alferrik dituzte egindakoa estaltzeko saio guztiak, asma ditzaketen «bertsio» guztiak. Torturatuaren hitz bakarrarekin deusezturik geratzen baitira; zeren, sinetsi, torturatuei sinesten baitzaie. Beti.

Azken boladako kronika egitea argigarria da guztiz. Hedabide gehienen laguntzaz antolaturiko isiltasun-paktua gorabehera, torturaren oihua mundu osora zabaldu da, ozen. Egiak bide bakarra baitu eta urak beti topatzen baitu bere bidea. Antzinako sorginen kasuan bezala, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik. Patetikoa izan da, ostera, GALeko sortzaileen jokamoldea ikustea eta egunetik egunera asmatu behar izan dituzten bertsioak irakurtzea. Izan ere, arraina ahotik usteltzen hasten den bezala, bertsio ofizialen adierazleei hitz egiten uztea baino gauza hoberik ez baitago egiaren bidezidorra nondik nora doan ulertzeko eta bistaratzeko.

Urak bere bidea egiteko zirrikituetatik pasatzen den era berean, zirrikitu ezin argigarriagoa erakutsi digu barne-ministroak azken bizpahiru egunotan, gazteei edozer leporatuz torturaren existentzia estali nahi izan duenean, efikazia polizialaren izenean edozer egitea justifikaturik dagoela adierazi nahi balu bezala. Ez al da konturatzen, estaltzeko ahalegin horrek berak erakusten duela argien egia zein den, eguneroko praktikan torturan oinarritzen direla, alegia, tortura erabiltzea dela beren estiloa? Argigarria izan da egunetik egunera asmatu behar izan dituenak ikustea, in crescendoko era batean gero eta ekintza potologoak leporatuz, nahiz eta ordurako gazteak ospitalean egon beharra izan duten. Horrek erakusten du bertsioak asmatzeko fabrika dutela, edozer gauza ezinezko sinetsarazteko asmoz. Egunotan gogoan izan dut antzinako sorginek ere aitortzen zituztela deabruarekin izandako jaiak edo erratz gaineko hegaldiak edo torturatzaileen imajinazio gaixoetan sortu eta halabeharrez aitortu beharreko guzti-guztiak. Inkisidoreek horrela nahi zutelako. Torturatzaileek horrela nahi dutelako, horrela komeni zaielako.

Ez dut luzatu nahi testua, nik idatz ditzakedanak baino infinitu aldiz argigarriagoak baitira torturatuen hitzak, Unairenak, Martxelorenak edo Gorkarenak adibidez. Horiek irakurtzea gomendatzen diot egia jakin nahi duen edonori. Egia jakin nahi ez duenarentzat uzten ditut bertsioak; ofizialak eta mediatikoak, bereziki.

Munduko torturatuen omenez idatzi ditut lerro hauek, bereziki gugandik hurbil torturatu dituztenengatik, gure herkideen omenez. Baina ez horregatik soilik. Egia esanda, nigatik ere idatzi ditut, bihotzak eskatzen zidalako, sentimendua agertu behar nuelako. Jendea sentimendu horiekin kutsatu nahi dudalako, torturatuak maite ditudalako. Lehertuko egingo nintzen bestela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo