Floren Aoiz Idazlea
Españaren aldeko brindisa
Ez dakit sinesgarritasuna emanen ote diozuen Kantabriako presidente Revilla jaunari. Berak kontatu du, nonbait, espainiar erregeren omenezko afarian Espainiaren aldeko brindisa egin zela, eta Ibarretxek kopa altxatu egin zuela beste guziekin batera. Saltsero samarra dugu kantabriarra, baina ñabardurak egiazkoak izan ala ez, Ibarretxe afarian zegoen, Francok izendatu zuen ondorengoaren urtebetetzea ospatuz. Espainiaren batasuna, hau da, Euskal Herriaren naziotasunaren ukapena ordezkatzen duen gizonaren bestan zegoen, eta ez zuten kateatuta eraman beste batzuk Madrilera eramaten dituzten moduan.
Inoiz ez da Francoren ondorengoari txaloak eskaintzeko une egokia. Ez bederen demokraziazale batendako. Baina, noiz eta orain, egiteak esanahi berezia du. Tortura krudel eta basatien salaketa bertsio ofizial-zitalen uhinetan murgildu nahi dutelarik, espainiar eta frantziar agintariek eraso errepresibo gehiago iragartzen dituztelarik, ideia politikoen pertsekuzioa areagotzen delarik, justu tenore honetan erabaki du Ibarretxek espainiar estatuburuaren alde agertzea. Hau bai keinu abertzalea! Euzkotarron aberria Franco eta Juan Carlosen Espainia da? Batzuendako abertzale eta patriota espainol sinonimoak dira? Kosoberania esaten diote, nonbait. Ez Kosovorena, ez dut gaizki idatzi, kosoberania. Kosovorena beste zerbait da. Kosovon ez dago EAJrik, bestela, akabo independentziaren ilusioa!
Aunitz ziren afarian Ibarretxe eta espainiar erregearekin. Baina ematen du batzuk ez direla esker onekoak. Izan ere, espainiar erregeren erregealdia ospatu nahi baldin badute, nola ez aipa izendapenaren arduradun zuzen eta nagusia: Francisco Franco? Eta, finean, Juan Carlosek berak esaten zuenez, bere zilegitasuna 1936ko uztailaren 18koa izanik, zergatik ez goraipatu altxamendu faxista eta ondotik etorri ziren sarraskiak? Horri esker iritsi zen tronora, azkenean. Eta bide horretatik jarraituz, nola ahantzi Francoren garaipenaren laguntzaile zuzenak, Hitler eta Mussolini? Zalantza batekin gelditzen naiz, dena den: zer oihukatu zuten brindisean, «Viva España» ala «Arriba España»? Ibarretxeri galdetu beharko diogu.