Euskaltzaindia
Aita Luis Villasanteren dokumentu-funtsa digitalizatzeko proiektua aztertu dute
Euskaltzaindiak Josune Ariztondo, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu berria, hartu zuen atzo Bilboko bere egoitzan, izendatu zutenetik egin duen bere lehenengo bisita ofizialean. Batzarrean, akademiak Diputazioarekin lankidetzan abiatu nahi dituen zenbait ekimen eta jarduera aztertu zituzten, eta horien artean, Aita Luis Villasanteren dokumentu-funtsa digitalizatzeko egitasmoa bereziki. Funts hori egun Arantzazun dago gordeta, baina Euskaltzaindiaren egoitzara ekarri nahi da; gainera, haren kopia bat Bilboko Foru Liburutegi zabaldu berrian gordailatuko da. Ikertzaile guztien eskura jarri nahi dute, orok erabili eta kontsultatu ahal izateko.