GARA > Idatzia > Eibar

Numantziaren aurka jokatzeko taldea ia osorik dauka prest Manix Mandiolak

p040_f02_097x096.jpg

GARA | EIBAR

Joan den asteburuan Albeceteren aurka jokatzeko deialdia osatzeko arazo franko izan zituen Manix Mandiolak, zigortuak eta lesionatuak zirela eta ez zirela. Astebete joan da ordutik, eta Eibarko entrenatzaileak talde ia osoa dauka prest Numantziaren kontra jokatzeko.

Pubiseko arazoak gainditzeke dituenez gero, David Acaz, Txiki da jokatu ezinik dirauen bakarra. Ondorioz, Manel izango da igande arratsaldean Txikiren lekua hartuko duena defentsako eskuin hegalean. 37 urteko asturiarra Numantziako jokalari ohia da, eta ez du gehiegi jokatu aurten, zortzi partidetan baino ez baitu erabili Mandiolak. Hala ere, eibartarren entrenatzaileak bere esperientzia erabili nahiko du Sorian.

Osterantzean, badu non aukeratu Mandiolak bihar Numantziaren aurka egiteko, baita aurrelarien artean ere. Hala, Asier Goiria bizkaitarra jokatzeko moduan da berriz, giharretako gainkarga gainditu ondoren; eta Nico Medina txiletarra ere zelairatzeko moduan legoke entrenatzaileak hala nahi izanez gero, behin bere herrialdetik bueltan etorri ostean.

Eibartarrek jai izan zuten atzoko egunez eta, hala, asteko azken entrenamendua gaur goizko 10.30ean egingo dute. Horren ondotik jakinaraziko du Mandiolak Numantziaren aurkako deialdia.

Talde eibartarra eguerdiko 14.30ean abiatuko da Ipuruatik Soriara, eta hotelera, arratsaldeko 18.45ean heltzea espero da. Itzuli, berriz, igande gauean bertan, partidaren ondoren egingo dira armaginak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo