GARA > Idatzia > Gutunak

Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea

Estatu euskalduna

Unesko-k esan du: «Kultur aniztasunaren defentsa betebehar etikoa da pertsona orori zor zaion errespetutik bereizi ezina». Hau da, munduaren hizkuntza eta kultura aniztasunak iraun dezan bermatzea, munduko herri guztien eginbidea da. Hortaz, euskararen herrian euskararen hegemonia berrezartzea, eskubidea ez ezik obligazioa ere bada.

Hala, Euskal Herriko gaurko belaunaldien eginbidea da euskararen normalkuntza osoa eta bere garapen iraunkorra bermatzeko erabakia hartzea eta burutzea; geure esku baitago Euskal Herri euskalduna ziurtatzea eta munduko aniztasunaren mosaikoari dagokigun ekarpena egitea.

Horretarako, beharrezkoa da egungo gezur soziala baztertzea eta Euskal Herria euskalduntzeko estrategia eraginkorrak eratzea, hain gutxi erabiltzen dugun hizkuntza jendartean orokortzeko. Mendeetako asimilazioaren ondoren, gaur, Euskal herritarren eta Euskal Herriaren eskubideak bermatzeko, derrigorrezkoa baita zazpi lurraldeetan ahalegin pertsonala, soziala, politiko eta instituzionala indartzea, eta hizkuntz politika berri bat sinkronizatzea. Eraiki dezagun Euskal Herriko estatu euskalduna, munduko biztanleen eta herri guztien eskubideak bermatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo